Lan-esplotazioa eta sexu-abusuak egotzita hiru pertsona atxilotu dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 11a, 08:35

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen atzo, eguenean, Areetako taberna batean langileak esplotatzea egotzita. Horrez gainera, establezimendu horren jabeari emakumeen kontrako sexu-erasoak leporatu dizkiote, zerbitzariei ukituak eta sexu-eskaintzak egiteagatik. Hori guztia salatzeko asmoz, LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du gaurko Xake plazan, 19:00etan; Itzubaltzetako Talde Feministak (ITF) ere bat egin du deialdi horregaz.

Informazio-iturriek jakinarazi dutenez, atxiloketak sei emakumek jarritako salaketei esker izan dira; horiek ez zuten Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko baimenik, eta, azaldu dutenez, lokalaren jabeak ez zituen kontratupean lanean. Hartara, ez zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda.

Ikertzaileei azaldu zietenez, astean sei egunez eta egunean hamar orduz lan egitea eskaini zieten, hilean 1.000 euroren truke. Lanean hasi zirenean, ordea, bestelakoa zen topatu zutena: ezin zuten lanaldi osoan atsedenik hartu, gaixorik egonda ere lanera joan behar zuten eta eguneko 20 eurokoa zen euren soldata.

Halaber, biktimek salatu dute lanean ari zirela tabernaren jabeak ukituak egin eta sexu harremanak eskatzen zizkiela; trukean, udalerrian duen beste lokal batean lo egiten uztea edo atzerrian zituzten senide eta lagunak Euskal Herrira ekartzen laguntzea.

Polizia-ikerketak biktimek esandakoa berretsi du, eta ondorioztatu du ikertutako hiru pertsona horiek egoera irregularrean dauden pertsonak lanean jartzen ari zirela 2018tik.

Egoera salatzeko elkarretaratzeak

Albistea jakin bezain laster, LAB sindikatuak elkarretaratze bat deitu zuen gaurko, barikurako, Xake plazan, 19:00etan. Horren bidez, lan-esplotazioa eta lan- eta bizi-baldintza duinak aldarrikatu gura ditu sindikatuak.

Deialdi horregaz bat eginda, Itzubaltzetako Talde Feministak (ITF) horrelako egoerak onartezinak direla azpimarratu du: "Zaurgarri diren emakumeen aurkako biolentzia eta esplotazioa etengabea da. Sistema heteropatriarkal kapitalistak etengabe erasotzen ditu gorputz zaurgarrienak, generoa, klasea, arrazaliazizazioa eta bestelako botere ardatzak sendotuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun