Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko film sozialak proiektatuko dituzte zapatuan Muxikebarrin

Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 10:04

Bihar, zapatuan, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia, Film Sozialak izenekoaren hainbat proiekzio ikusi ahal izango dira Muxikebarrin. Jaialdia KCD (Kultura, Communication y Desarrollo) GKEak antolatzen du, Euskal Lankidetzako Agentziaren eta hainbat entitateren laguntzagaz, tartean Getxoko Udalarena. Ohi bezala, Aixerrota eta Romo-Artaza, eta lehenengo aldiz Julio Caro Baroja institutuek parte hartu dute jaialdian, hainbat jardueraren eta proiekzioren bidez.  

 

Zinemaldiaren helburua da jasangarritasuna, genero-berdintasuna, kulturartekotasuna eta giza eskubideak sustatzea, kultura, hezkuntza eta gizartea eraldatzeko komunikazioaren bitartez, hiru elementu ezinbestekoak Nazio Batuen 2030 Agendaren xedeak eta garapen jasangarria lortzeko. Gaien artean, gatazka armatuak, herri indigenen eskubideak, LGTBI+ eskubideak, genero desberdintasunak eta bizimodu desberdinak jorratuko dira.

Aurten,  jaialdiak, urriaren 10etik 17ra, 81 lan (% 54k emakumek zuzenduta) proiektatuko ditu, 43 herrialdetatik etorritakoak eta 38 egoitza izango ditu. Horietan, guztira 596 saio eskainiko dira, Bilbon eta EAEko hainbat udalerritan, tartean, Getxon.

Saritutako pelikulak www.filmsozialakstreaming.org helbidean ikusi ahal izango dira urriaren 21etik 27ra bitartean.

Muxikebarrin proiekzioak

Tokia bete arte doako sarrera izango duen saioa 19:00etan hasiko da Muxikebarriko Arrigunaga aretoan. Proiektatuko diren lanak hurrengoak izango dira: Write my name fikziozko laburrak erakutsiko du gerran lau anai-arrebek amari beren hanketan beren izenak idazteko egindako eskaera; Zaintzen duten emakume baserritarrak dokumentalean Durangaldeko emakume baserritarren bidez Euskal Herriko zaintzetarako eta elikadura-burujabetzarako proposamena ikusi ahal izango da; Europa lanean Parisetik gerratik ihesi egiten heldutako 10 urteko neskatoa, eta bere ama eta aita bere ondora heltzeko nahia agertzen da; Las Desheredadas dokumentalak Huelvan kontratatutako sasoiko emakume langile marokoarren istorioa kontatzen du, etengabe lan- zein sexu-abusuak jasaten dituztenak, eta Ejecuciones extrajudiciales en Colombia. El caso de los pueblos Wiwa y Kankuamo de la Sierra Nevada de Santa Marta dokumentalean Kolonbiako Santa Martako Sierra Nevadako Kankuamo eta Wiwa herri indigenen borrokaren ibilbidea agertzen da, egia eta justizia bilatzeko, azken bi hamarkadetako desagerpenen ondoren.

Ondorengo solasaldian parte hartuko dute July Milena Henriquez Samparo, Kolonbiako Jose Alvear Restrepo abokatuen kolektiboko kideak; Paula Barriga Perez Las Desheredadas dokumentaleko zuzendariak, eta Aniez Atlas Write my name laneko zuzendariak.

Informazio gehiago: www.kcd-ongd.org

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun