Bolue eta Gobelako futbol-zelaiek eta Fadurako erabilera anitzeko zelaiak belar artifizialeko zelai berria dute

Erredakzioa 2024ko urr. 11a, 11:03

Bolue futbol-zelaia. © GETXOKO UDALA

Udako hilabeteak aprobetxatuta, Getxo Kirolak-ek Bolue eta Gobelako futbol-zelaien belar artifiziala berritu du, baita Fadurako erabilera anitzeko zelaikoa ere. Lanok 1,6 milioi euroko inbertsioa izan dute. Udal-iturrien arabera, beharrak kirol-klubakaz koordinatu dira denboraldi berriaren hasieran "ahalik eta gutxien" eragiteko. "Hala, 11 klubetan multzokatutako 1.700 kirolarik baino gehiagok azken belaunaldiko belarrez berritutako zelaiak goza ditzakete".

Alvaro GonzAlez Kirol zinegotziak azaldu duenez, "zelai horietako belarraren bizi-zikloa amaierara iritsia zen, eta oso instalazio erabiliak direnez, berritzeko kirol-klubekin oso komunikazio zuzena edukitzen lan egin dugu. Era berean, herritarren eskaera batzuei erantzuteko baliatu ditugu obrak, zelaiak erabiltzen dituzten kirolari askoren eskura jartzen ditugun zerbitzuen hobekuntza orokorra ekarriko dutenak".

Soropila aldatzeaz gain, zenbait zelaitan soropilaren azpian jartzen den lurra ere berritu behar izan dute. Hori dela-eta, lanak amaitzeko epea aurreikusitakoa baino bi aste gehiago luzatu da. Zelaiak hobetzeagaz batera, ureztatze-kanoiak eta errugbiko makilak instalatu dituzte, baita Fadurako erabilera anitzeko zelaian beisbolera jokatzeko egokitzapena egin ere. Halaber, ureztatze-kanoi berriak instalatu dira Bolue 1 eta 2 zelaietan eta Bolue 3 zelaian zeudenak berritu egin dira.

Aldi horretan, aprobetxatu dute Bolueko zelaietako aldagelak handitzeko lanei ekiteko. Bolue 1 eta 2 zelaien berrikuntzak barne hartzen ditu 4 aldagela berritzea eta botikinerako eta bainugeletarako gune bat jartzea; eta Bolue 3n dauden aldagelak handitzen ari dira. Berrikuntza hori urtea amaitu baino lehen amaitzea espero dute. 

Getxo Kirolak-ek egindako inbertsioaz gain, Getxoko Udalak beste 550.000 euro eman ditu, Gobernu Irekia eta Modernizazioa Arloak sustatzen dituen aurrekontu parte-hartzaileen testuinguruan, Bolue 1 eta 2ko aldagelak eraberritzeko eta Bolue 1 zelaiko belar artifiziala berritzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun