#0KM - Berton bertokoa

Iñaki Gonzalo Casal, 'Kitxu': "Liburu bat irakurtzen duzun bitartean, aske zara"

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 16a, 09:40

Iñaki Gonzalo Casa, 'Kitxu', bere liburu-dendaren aurrean.

Herriko saltokiek bizirauten duten garaia honetan, badira mirariak, hala nola Itzubaltzeta/Romoko Casal liburu-denda. Iñaki Gonzalo Casalek, Kitxu-k, aitortzen duenez, erronkaz beteriko bidea egiten ari da denda duela urtebete pasatxo bere gain hartu zuenetik. "Liburu-denda bat bizirik mantentzea gaur egun mirari bat da", aitortzen du, are Amazon, saltoki handiak eta liburu elektronikoak nagusi diren honetan. Hori horrela, beste eskaintza horretatik nabarmentzeko, besteak beste, tailerrak, liburu-aurkezpenak eta hurbileko arreta eskaintzen ditu.

Getxoko Udalean lanean ari zela, Gobelaurre liburu-dendara hurbildu zen Kitxu, lan kontuengatik. Han, lokala ikusi eta berehala pentsatu zuen: "Ze polita litzateke liburu-denda batean lan egitea". Pentsatutako hori egia bihurtu zen handik gutxira, langabezian zegoela, denda horretako jabeagaz lanean hasi zenean. Urte bi inguru eman zituen beragaz, lokala Gobelaurretik gaur egun dagoenera lekualdatu eta negozioaren kudeaketaren lekukoa hartu zuen arte. Urtebete baino gehiago igaro da ordutik, eta erronka zail baina kitzikagarri bati ekin dio.

Urtez urte, gero eta liburu-denda gehiagok itxi behar izan ditu bere ateak Euskal Herriko udalerri askotan; Itzubaltzeta/Romon, gaur egun, Kitxurena da gelditzen den bakarra, duela urte batzuk hiruzpalau baziren ere. Egoera zail honetan, liburuzainak irudimena erabili behar izan du jendea erakartzeko eta negozioaren biziraupena bermatzeko.

Hala, liburuak saltzeaz harago, komunitatea sortu eta kultur ekimenak bultzatzeari ekin dio. Horretarako, dendaren biltegia zena birgaitu eta Virginia Wolf idazle ezagunaren grafiti batekin apaindu zuen; orain, gune horretan askotariko tailerrak egiten ditu, baita liburuen aurkezpenak antolatu ere, "uneotan bi idazle gonbidatzen ditut hilero". Orokorrean, Getxoko eta inguruko idazleei egiten die lekua bertan, baina ez dira gutxi kanpotik etorritakoak ere. Durangoko Azokagaz ere lankidetzan aritzen da, eta irakurle-klub bat ere antolatu du, non 15-20 lagun biltzen diren hilean behin liburu bat komentatzeko. Gainera, eskulan- eta umeentzako tailerrak eskaintzen ditu, eta beste ekintza batzuk ere antolatuko dituela iragarri du.

"Irakurtzeak libre egiten zaitu"

Irakurketarekiko duen maitasuna sakona eta pertsonala da. Gaztetan, Virginia Wolf-en Orlando liburuagaz hasi zen irakurtzearen munduan murgiltzen, eta ordutik, irakurketak "bizitza" eman diola aitortzen du. "Momentu oso gogor batzuetan egon naiz, eta irakurri ahal izateak bizitza eman dit. Liburu bat irakurtzen duzun bitartean, aske zara", dio.

Hain zuzen ere, bizitzan izan dituen une latzenetan, liburuek ihesbide bat eman diote, beste bizitza bat bizitzeko aukera, eta hori transmititu gura du bere dendaren bidez.

Horrez gainera, liburuak eta papertegi-produktuak saltzeaz haratago, Kitxuk idazten du ere. Daborduko zazpi liburu argitaratu ditu, eta, orain, El Salvadorri buruzko trilogiaren hirugarren liburua du esku artean, baina aurrera jarraitzeko denbora faltan dabil. "Erretiroa hartzen dudanerako utzi beharko dut, kar-kar".

Zailtasunak eta erronkak

Azpimarratzen duenez, liburu-denda bat martxan mantentzeko ez da nahikoa irakurleak erakartzea; kanpaina handiak eta laguntzak beharrezkoak direla aitortzen du. Casalen kasuan, inguruko ikastetxe eta institutu askok herriko liburu-dendei laguntzeko politika dute, eta Romo Bizirik elkartearen babesa ere badu, "baina horiek ez dira nahikoa. Ikasturte hasierako testu liburuen kanpaina eta Gabonetako salmentak funtsezkoak dira urtea ixteko".

Liburu-denda batek komunitate bat elikatzen du, eta horrelako espazio bat gabe, herria hutsik geratuko litzatekeela uste du Kitxuk: "Pentsa Romo osoa liburu-dendarik gabe. Hutsune hotza izango litzateke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun