Algortako saltokiek kaleetatik desfilatuko dute domekan

Erredakzioa 2024ko urr. 17a, 14:53

Aurreko edizio bat. © ALGORTAKO DENDAK

Algortako Dendak elkarteak bere saltokietako produktuak eta moda Getxoko kaleetan zehar aterako ditu berriz ere. Getxoko Udalaren Ekonomia Sustapen Sailaren babesagaz eta Ana Lara eta Dantzarte dantza akademien laguntzagaz, saltokiek desfile berezia egingo dute urriaren 20an, domekan, 13:00tan.

Algortako saltokiak kalera aterako dira tokiko kontsumoa bultzatzeko eta Algortan aurki daitezkeen produktu eta zerbitzuen aniztasuna erakusteko asmoz. Horretarako, parte-hartzaileen arropa, osagarri, estilismo eta produktuekin osatutako desfile ibiltaria antolatu du elkarteak, dantzari lotutako ikuskizun bategaz.

Desfilea Algortako Merkatutik hasiko da eta Algorta osoa zeharkatuko du, Telletxe, Satistegi, Tellagorri eta San Nikolas plazetatik pasatuz Portu Zaharreraino.

Kaleko animazio horretan, elkartearen 20 negozio baino gehiagok parte hartuko dute, batzuk beren estilismoak, modako produktuak edo osagarriak erakutsiz, eta beste batzuk modeloentzako mokadutxoa emanez edota desfilea antolatzeko espazioa bezalako xehetasunetan lagunduz,.

Laugarren edizio honetan, Algortako Dendak tokiko talentuaren aldeko apustua egin gura du. Elkartea Ana Lara eta Dantzarte Akademietako dantzariek modelo lanak egingo dituzte eta haien dantzekin ukitu dibertigarriagoa emango diote desfileari. Gutxi gorabehera 30 dantzarik parte hartzea espero da, eta apurka-apurka sartuko dira plazetan. Horietan geldialdiak egingo dituzte, posatuak beren estilismo eta koregorafiakaz egiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun