Sevillako Ghenova Cocosek hasieratik erakutsi zuen Getxora garaipena lortzeko heldu zela. Erasoko faseak kateatu ondoren, Blanca Rodriguez atzelariak lehen entsegua lortu zuen, eta Carolina Alfarok transformazioa sartu zuen (0-7, 2. minutua). Getxok berehala erreakzionatzen saiatu zen, baina Cocosen eraso eraginkorrak bigarren entsegua ekarri zuen, oraingoan Laura Muñizek eta Alfarok eraldatuta (0-14, 10. minutua). Getxok ez zuen etsi, eta aurrealdearen indarrari esker, Lucia Guerrak puntuak sartu zituen (5-14, 15. minutua). Hortik aurrera, etxekoek une onenak izan zituzten, baina markagailua aldatzea lortu gabe. Bisitarien faltak ugaritu egin ziren, eta Ana Peralta txartel horia ikusi zuen 30. minutuan. Puntuak lortzea eragotzi zuten eskuen akatsak eta euria tarteko, baina hala ere, kontraerasoan, Cocosek hirugarren entsegua lortu zuen, Julia Castroren ekintza onari esker, eta Alfarok transformazioa gehitu zuen (5-21, 36. minutua). Getxok, hala ere, jokoari eutsi zion, baina 39. minutuan, Carolina Alfarok txartel gorria ikusi zuen plakaje altu batengatik, eta Jone Etxegiak partida utzi behar izan zuen. Atsedenaldia baino lehen, zenbakizko nagusitasuna aprobetxatuz, Haizea Arcok kornerreko banderan bigarren entsegua lortu zuen (10-21, 40. minutua).
Bigarren zatian, Getxok 22 aurkariko gunean nagusitu zen, baina puntuak lortu ezinik ibili zen. Aldiz, Cocosek lehen erasoko aukera baliatu zuen Marta Carmonaren abiaduraz laugarren entsegua lortzeko (10-26, 44. minutua). Getxoztarrek amore eman gabe jarraitu zuten eta, Garazi Goikolearen abiadura baliatuz, bisitarien defentsa hautsi eta puntu gehiago lortu zituzten (15-26, 48. minutua). Partidak gorabehera handiak izan zituen, baina Getxok jabetza handiagoa izaten jarraitu zuen. Maria Londoñok txartel horia ikusi zuen etxekoen beste aukera batean, eta segidan, Joana Murrayk entsegua egin zuen, Naroa Azpitartek transformatuta (22-26, 55. minutua).
Partida orekatuta zegoen; hala ere, bisitariek, bi jokalari gutxiagogaz, Ana Peraltaren kalitatea eta hegaleko jokalarien abiadura aprobetxatu zituzten, eta berriro entsegua lortu zuten (22-31, 61. minutua). Getxok amore emateari uko egin zion, eta Joana Murrayk beste entsegu bat lortu zuen (27-32, 69. minutua). Azken uneetan, jabetza-truke handia izan zen, eta Getxok azken jokaldian garaipena eskuratzeko aukera izan zuen; hala ere, azken metroetan entsegua lortzeko ahaleginak huts egin zuen. Azkenean, garaipena ihes egin zien getxoztarrei, baina defentsa-puntu bat poltsikoratu zuten, moralki indartzeko balio behar diena.