Zapatuan, arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batuko dira Getxo Best topaketan, elkar ezagutu, esperientziak eta ezagutzak elkarbanatu eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko asmoz.
Jone Gonzalez diseinatzaile algortarra da Getxo Best topaketaren kartela eta komunikazio euskarrien egilea, eta Getxoko hiru emakume sortzaileen irudiakaz osatutako seriea egin du: Irati Elorrieta idazlea; Garbi Losada antzerki zuzendari, idazle eta aktorea; eta Ana Bejarano Mocedades musika taldeko abeslari-ohia.
Topaketarako sarrera librea izango da edukiera bete arte eta sortzaileen arteko elkarrizketa streaming bidez jarraitu ahal izango da www.best.eus webgunean. Halaber, haurrentzako zaintza zerbitzua zein aldibereko itzulpen zerbitzua egongo dira eskuragarri.
Egitaraua
Zapatuan, 11:00etan emango diote hasiera topaketari, Muxikebarrin, Irantzu Garamendi musikariak eta Leire Ondarroa dantzariak eskainiko duten emanaldiagaz. Bitartean, mokadutxo bat jateko aukera egongo da, ondoren ekimenari hasiera eman eta denak elkar topatzeko.
Jarraian, 11:30ean, Itxaso Paya aktore eta sortzaileak “Getxoko Emakume Sortzaileak ezagutu” elkarrizketa laburrak eta ondorengo mahai-ingurua dinamizatuko ditu. Bertan parte hartuko dute Itxaso Diaz zinegile eta LAN jaialdiko zuzendariak, Olatz Ganboa aktoreak, Maite Mentxaka diziplina anitzeko sortzaileak, Mariasun Yanguas zuzendari koralak eta Izaro Ieregi artistak. Topaketara bertaratuko direnek ere gura adina galdera eta ekarpen egiteko denbora izango dute amaieran, "ideiak elkar-banatzea baita topaketaren helburu nagusia", arduradunek azaldu dutenez. Ondoren, eta goizeko atalari amaiera emateko, 13:50ean, Folk Rippers taldeak sorpresa musikala eskainiko du.
14:00etatik 16:00etara antzokitik atera eta “Ama alabak tabernan daude” ikuskizun ibiltaria egingo dute antzokiaren inguruan. Nagore eta Uxune Iriondo ahizpek, Lur Piris eta Maria Colino musikariakaz batera bertso-poteoan murgilduko dituzte Getxo Best topaketara bertaratutakoak, hainbat musikari getxoztar bide-lagun izango dutela: Ainhoa Aranburu, Nagore Landeta, Julene Otazua, Elena Pascual, Olatz Noya, Ane Rodriguez, Ainhoa Gallego eta Iratxe Cea, besteak beste.