Udalerriko sei artistaren lanak erakutsiko ditu Getxoartek gaurtik aurrera

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 5a, 08:12

© GETXOKO UDALA

Getxoarte 2024ren Bitartekaritza Programa aktibatuko dute gaur berriro ere; hala, joan den urrian hartu zituen pintura-lehiaketen ondoren, "Artista bat auzoan" ekimenaren beste edizio bat gerturatuko dio publikoari. Ekimenak, ohi bezala, tokiko sei sortzaile bilduko ditu, Getxo Kulturako sare sozialetan zabalduko diren beste hainbat bideoren bidez euren lana eta sorkuntza-prozesuak jendeari erakusteko. Naia del Castillo, Paula De Luisa, Jaime Hayde, Ramon Churruca, Ines Bermejo eta Natalia Vegasek osatuko dute sortzaileen zerrenda. 

Artista horiekaz, daborduko 38 dira ekimen honetan parte hartu duten artistak. Ekimenaren helburua da artista getxoztarren lana publikoari hurbiltzea, 2020an berrogeialdian abian jarri zenetik. Behin bideoen zabalkundea amaituta, azaroaren 23tik aurrera publikoagaz bilduko dira hainbat topaketatan. Horietan, euren lana erakutsiko dute, haien proiektuez eta sorkuntza garaikideari buruz hitz egingo dute, eta parte-hartzaileak tailer praktikoetan parte hartzera gonbidatuko dituzte.

Gainera, Getxoarte dela eta, azaroaren 22tik 24ra udalerriko arte publikoari buruzko bisitak egingo dituzte. Ibilbide horien bidez, udalerriko hiri-artea ezagutu gura duten pertsonek udalerriko hainbat lekutan kokatutako 20 artelan inguru ezagutu ahal izango dituzte, "guztiak oroitzapenezko monumentuak edo pertsona ospetsu batzuei omenaldia egiten dieten monumentuak", azaldu dutenez.

"In Memoriam" izenburupean, bisita bi egingo dituzte azaroaren 22an eta 23an. Lehenengoa gaztelaniaz izango da, 18:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, euskaraz egingo dute, 17:00etatik aurrera. Hilaren 23an eta 24an, berriz, "Besarkadatik besarkadara" ibilbidea egingo dute. Zapatuan, eguerdiko 12:00etan hasiko dute, eta euskaraz izango da. Domekan, berriz, gaztelaniaz izango da, ordu berean.

Bestalde, azaroaren 29an, 19:30ean, Ramon Churrucaren "La alegría de vivir" collage-erakusketa inauguratuko dute Romo Kultur Etxearen erakusketa gunean, artistaren beraren performance bategaz. Erakusketa abenduaren 27ra arte egongo da zabalik, eta hilaren 19an, eguenean, Bitartekaritza Programaren barruan, artistak bisita gidatu bat eskainiko du erakusketan zehar.

Getxoarteko jarduera guztiak sarrera librekoak dira, lekua bete arte. Topaketetan eta Getxoko arte publikoan zehar egiten diren bisitetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da getxoarte@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun