Udaltzain guztiek euskara jakiteko beharra aldarrikatu du Getxoko euskalgintzak

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 5a, 09:27

Getxok kontratatuko dituen 10 udaltzainetik bosti soilik euskara eskakizuna ezartzeko erabakia bertan behera uztea eskatu diote dozenaka auzokidek Getxoko Udalari, Algortan eta Itzubaltzeta/Romon egindako mobilizazioetan. Tokiko euskalgintzak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deitu zituen protestak, atzo.

Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazioak deitu zituzten astelehenean, azaroak 4, Algortan eta Itzubaltzeta/Romon, Udalak kontratatuko dituen 10 udaltzainetatik erdiak euskaraz jakiteko beharrik izango ez dutela salatzeko.

Getxoko euskalgintzak salatu du Udalak hartutako erabaki hori "oso larria" dela, udaltzainek herritarrakaz zuzeneko harremana dutelako. Gainera, deitoratu du udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren hizkuntza eskubideak baldintzatzen duela.

Gogoratu duenez, kontratazio berriak dira horiek, eta Udala bera izan da hizkuntza-berdintasunaren aurkako neurriak ezarri dituena. "Bereziki larria da hau, erabaki honek atea irekitzen baitio oldarraldi judizialaren fase berri bati".

Udalak tokiko "errealitate linguistikoa" erabili du aitzakiatzat 10 udaltzain berritik 5ek euskara jakiteko beharra ukatzeko. Hala ere, Getxoko euskalgintzak gogoratu du EAEko herritarren % 75ek ezinbestekotzat jotzen duela langile publiko izateko hizkuntza ofizial biak ezagutzea. Gainera, azpimarratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako salaketek agerian uzten dutela administrazioak ez duela bermatzen herritarrek gura duten hizkuntzan artatua izateko eskubidea, "eta hori ere bada 'errealitate linguistikoa'".

Hori guztia dela eta, Getxoko euskalgintzak dei egin die euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden alderdiei hizkuntzaren auziari berez dagokion zentralitatea eman diezaioten eta euskararen normalizazio prozesuak eskatzen dituen konpromiso eta neurriak har ditzaten: "Urratsak emateko segurtasun juridikoa bermatuko duen lege aldaketa bat urgentziazkoa da, administrazio erabat elebidun bat delako hizkuntza eskubideak egiazki berma ditzakeen bakarra".

Bukatzeko, Udalari erabaki hau bertan behera utz dezala eskatu diote euskararen aldeko elkarteek, "euskararen normalizazioaren bidean eta herritar zein langile guztien hizkuntza eskubideen defentsan hartu beharreko erabakia delako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun