Zinemarik onena bueltan da Getxora

Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 10:09

Bueltan da Getxoko Zine Zikloen denboraldi berria. Joan den azaroaren 1ean abiatu zuten Zine Kluba, eta gaur, eguenean, hasiko dira Zinemabarriko proiekzioak. Ohikoa denez, lehenengo zikloa barikuetan izango da, Areetako Andres Isasi Musika Eskolako auditorioan. Aurten ordutegi berria izango da, proiekzioak ohi baino ordu erdi lehenago izango direla, 20:30ean, hain zuzen ere.

Denboraldiaren estreinaldia ospatzeko, irudiaren kalitatea hobetuko duen proiektore berri bat du aretoa Areetako aretoak. Bestalde, Zinemabarriko emanaldiak Muxikebarrin izango dira ostegunetan, 19:00etan. Bi zikloek hainbat herrialde eta generotako kalitate eta interes zinematografikoko ekoizpenen aldeko apustua egiten duen eskaintza hurbilduko diote publikoari, gehienbat jatorrizko bertsioan azpitituluekin. Azaroko emanaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude Getxo Kulturako ohiko saltokietan.

Justine Triet zinegile frantziarraren Anatomía de una caída (V.O.S.E.) filmak eman zion Zine Klubeko denboraldiari hasiera, joan den barikuan. Bihar, hilaren 8an, La contadora de películas proiektatuko dute, Lone Scherfigek zuzendutako koprodukzio hispaniar-txiletar-frantsesa, 60ko hamarkadako Txileko herri batean girotutako kontakizun humanista hurbiltzen duena. Garai horretan zinemara joatea mundu guztiak gozatu ezin duen luxua zen, eta protagonistak pelikulak ikusi ezin dituztenei kontatzen dizkie.

Ondoren, azaroaren 15ean, Hlynur Palmason daniarraren Godland drama preziosista proiektatuko dute, Islandiako kostaldeko herri malkartsu batera iritsitako apaiz gazte baten istorioa kontatzen duena. Hilaren 22an, Víctima imperfecto (V.O.S.E.) film luzearen txanda izango da. Delphine Girard zuzendari belgikarraren opera prima horrek Veneziako Mostran Publikoaren Saria irabazi zuen sexu-abusuen ondorio pertsonalak, familiarrak eta sozialak aztertzen duen istorio baten bitartez. Azkenik, hilaren 29an, Pablo Agüeroren Akelarre beldurrezko kontakizunak borobilduko du azaroko eskaintza. XVII. mendearen hasierako euskal kostaldeko herrixka batean girotua, sorginkeriaz leporatuta izan diren zenbait emakume gaztek jasandako inkisizio-prozesua kontatzen du.

Zinemabarriren denboraldiari, aldiz, gaur, eguenean, emango zaio hasiera Isabel Coixeten Nadie quiere la noche filmagaz. Emakume batek munduko leku ezezagunenetako batera egiten duen bidaia ausartegia kontatzen du. Hilaren 14an, Andrew Highen Desconocidos drama intimista proiektatuko da. Gizon biren arteko maitasun istorio batetik abiatzen da, aldi baterako bidaia anbiguo bat planteatzeko. Hurrengo astean, hilaren 21ean, Amama-ren txanda izango da. Asier Altunak errealizazioan egin zuen debuta, aita batek bere seme-alabetako batek ere ez duela jarraituko jakitean sortzen den belaunaldien arteko norgehiagokaren istorioa kontatzeko. Azkenik, hilaren 28an, En cuerpo y alma Berlinalen Urrezko Hartza irabazi zuen drama hungariarraren emanaldia izango da. Pertsona biren arteko maitasun istorio atipiko eta harrigarria izango da, eta, kasualitatez, gauero amets bera partekatzen dutela jakingo dute.

Azaroan, proiekzio guztiak, lehenengoa izan ezik, azpitituludun jatorrizko bertsioan izango dira.

Haur-zikloak

Azaroaren 3an, haurrentzako Zinematxiki eta Igandeko Zinema zikloak ere jarri zituzten martxan. Haur zinemarik onena Muxikebarrira (12:00) eta Areetako Musika Eskolara (17:00) hurbilduko dute, hurrenez hurren, domeketan: Zutik (hilak 10), Momias (hilak 17), Turuleka oiloa animaziozko film luzeen emanaldia izango da Zinematxikin. Haurrentzako Igandeko Zineman, berriz, Robotia (hilaren 3an; euskaraz) eta Lassie, una nueva aventura (17an) proiektatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun