Amaia Agirre alkateak eta Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak Getxoko Balkoiak eta Leihoak Edertzeko VIII. Lehiaketako eta II. Balkoi eta Leihoen Argazki-lehiaketako sariak eman dituzte. Sari banaketaren ekitaldia atzo, eguenean, egin zuten, Algortako Villamonteko kultur etxean.
Balkoiak eta Leihoak Edertzeko lehiaketan, lehenengo saria Mari Mar Gonzalezek jaso du; 300 euroko bonua irabazi du Getxoko lorezaintzako dendetan kontsumitzeko. Bigarren sailkatua Soraya Bustamante izan da; 150 euroko bonua jaso du, hori ere lorezaintzako dendetan kontsumitzeko.
Argazki lehiaketari dagokionez, beste bi sari banatu dira: garailea Josu Gutierrez izan da (iaz ere irabazi zuen) eta bigarren sailkatua Itziar Gallastegi izan da. Biek 100 euroko bonu bana eskuratu dute herriko lorezaintzako dendetan kontsumitzeko.
“Lehiaketan zehar ikusi dugun balkoi eta leiho bakoitza ez da dekorazioaren erakusgarri hutsa; gure udalerriaren nortasunaren eta aniztasunaren isla da. Eskerrik asko denbora, ilusioa eta ahalegina eskaini diguten guztiei, gure kaleak koloretsuagoak, atseginagoak eta biziagoak izan daitezen. Gure balkoiak lorez, kolorez eta sormenez beteta ikusteak gure ingurunea edertzeaz gain, gure ongizatean eta bizi-kalitatean ere laguntzen du”, Amaia Agirre alkateak sariak banatzeko ekitaldian adierazi zuenez.