Alvaro Gonzalez Ondare eta Etxebizitza zinegotziak gogorarazi duenez, "laguntza hauen helburua da Getxoko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei laguntzea emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan, baita sustatzea udalerriko eremu guztietan alokairuko etxebizitza bat eskuratu eta bertan jarrai dezaten ere".
Deialdi honetara 101 eskabide aurkeztu ziren (aurreko deialdian baino 46 gehiago), horietatik 85 onartu dira, 14 ezetsi egin dira eta 2 pertsonak prozesuan atzera egin dute. 64 gaztek lehen aldiz jasoko dute laguntza; 20k, bigarren aldiz, eta 1ek, hirugarren aldiz.
Hartara, zinegotziak positibotzat jo du deialdi honetan erregistratutako eskaeren gorakada: "Azken urteotan onuradun izateko baldintzei buruzko aldaketak egin ditugu eta deialdi berri honetan mantendu egin dira, gazte gehiagorengana iristeko eta laguntzaren iraupen osoa luzatzeko. Besteak beste, alokairu-errenta 1.100 eurora igo da, laguntzaren onuradun izateko gehieneko diru-sarreren mugak handitu dira eta luzatu egin da deialdiaren irekiera-epea eskaerak aurkezteko".