Tor mago getxoztarrak "pozik, hunkituta eta urduri" jasoko du datorren azaroaren 19an euskararen gizarte erabilera babestea, sustatzea edo hedatzeko zereginetan egindakoa aitortzen duen Argia Ereiten Euskara Sariaa. “Sorpresa erraldoia hartu dut. Saria aspalditik ezagutzen dut, izatez behin baino gehiagotan egon naiz sari-emate ekitaldian eta, orain, notiziak jokoz kanpo harrapatu nau. Nire ikuskizun gehienak euskaraz egiten ditut. Beti ikusi dut magia aukera paregabea dela euskara eskola mundutik ateratzeko, umeek ikusteko posiblea dela euskaraz gozatzea eskolaz kanpoko jardueratan”, azaldu du magoak.
42 urteko bizilagunak bizitza guztia darama magia egiten, eta bere ikuskizunen gehien-gehiengoa euskaraz izaten dira. Guztira, 2.000 saio baino gehiago egin ditu, eta, egun, ikuskizun berriak muntatzen dabil, eraberritze prozesuan murgilduta, beste toki batzuetan egiten dutena ikasten, ondoren berak ikuskizun freskoak eta eguneratuak eskaini ahal izateko. Une honetan Gabonetarako eta datorren urterako saioak lotzen ari dela aurreratu du.
Azti jaiotako getxoztarra
Mago getxoztarra lau urtegaz konturatu zen magiarekiko grina zuela barnean, bere aititek hainbat magia-joko egin ondoren. Handik aurrera beti ekin dio mundu horretan trebatzeari, informazioa, liburuak eta kutxa magikoak bilatzeari. “Ez dago eskola modukorik, lana batez ere bakarkakoa izan da. Informazioa bilatzen, gero eta gehiago sartzen zara mundu horretan eta konturatzen zara inguruan magiarekin zoratu gehiago daudela”, aitortzen du.
Ingeniaritza industriala ikasi zuen azti getxoztarrak, eta lau urtez enpresa batean ingeniari aeroespazial gisa lan egin bazuen ere, hori uztea erabaki zuen, magian buru belarri sartzea erabaki zuelako, modu profesionalean aritzeko. Berak azaldu duenez, “erabaki horiek zailak izaten dira. Banekien magiaz bizi nahi nuela, baina, badaezpada, Ingeniaritza ikasi nuen. Horregatik errazago izan zen probatzea magiaz bizitzea. Pausoa naturalki etorri zen”.
Magia euskaraz
Mago getxoztarrarentzat hizkuntza oso garrantzitsua izan da beti, egiten dituen ikuskizun gehienak familiarrak (umeak eta gurasoak ikusteko modukoak) eta Euskal Herrian direlako. Berak beti nabaritzen du publikoa magiagaz gozatzeko prest dagoela. Bere hitzetan, magiak komunikatzeko hainbat formatu ditu, eta horregatik erraza da jarraitzea nahiz eta euskara guztiz ez kontrolatu. “Sarritan etorri dira niregana ikusleak ikuskizuna bukatu ondoren zoriontzera, nahiz eta euskararik ez jakin ala gutxi jakin. Primeran pasatu dutela esaten didate, barre egin dutela, nahiz eta euskaraz ez egin”.
Magiak harritzeko eta publikoagaz konektatzeko aukera ematen duela eta horrek beti daukala xarma dio. Horregatik, giro horretan euskarak magiagaz gozatzeko balio duelakoan dago, “euskara hizkuntza delako ideiak, pentsamenduak eta kasu honetan nire magia transmititzeko bidea. Jendeak magia ikusi nahi duen bitartean eta euskaraz bizi nahi duen bitartean, komunikazio hori posible izango da. Duda barik, euskarak ez du beste hizkuntzen aurrean lotsarik izan behar, euskarak ere balio duelako edozein gauzatarako, aurrean daudenak ikusteko, entzuteko, ikasteko edo gozatzeko prest dauden heinean”.