Proposamen berriak integratzailea izan gura du, eta joan den ekainean egin zen eta 20 bat lagunek parte hartu zuten topaketan sortutako lau prototipoen bilduma da. Horietako bakoitzak eraikinaren ikuspegi bakar bat eta zehatza islatzen du.
Helburua da partaidetza-prozesuan zehar lortutako emaitzak antolatzea eta egituratzea, eta eraikinaren erabilerari eta etorkizunari buruzko erabakiak hartzea erraztea. “Helburua da auzoak eta komunitateak elkartzeko gune bat izatea, bertan bizi diren belaunaldi ezberdinetako lagunek sozializatzeko, harremanak izateko eta auzoa indartuko duten jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten. Formatu txikiko kultur jarduerak izango dira, aldi baterako erakusketak, liburuen aurkezpenak eta hitzaldiak, baita adin guztietako gazteentzako tailerrak ere”, adierazi du Zaloa Campillo Partaidetzako zinegotziak.
Proposamenak planteatzen duenez, gainera, eraikinak ez du turismoa sustatzeko helbururik izango, eta, beraz, ez luke Portu Zaharrera turistak erakartzen dituen ekitaldirik hartuko.
Udal-gobernuak aztertuko du, udal-teknikariakaz lankidetzan, jasotako proposamenen eta erabakia hartzeko prestatutako prototipoaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. Aurrerago, obren azken fasea osatuko da, eta, ondoren, eraikina egokituko da, aipatutako prozesua itxi ondoren.
Gune fisikoari eta ekipamenduari dagokienez, bosgarren prototipoak areto nagusi bat aurreikusten du, alde batetik hitzaldiak eta formatu txikiko jarduera kulturalak hartuko lituzkeena; harmaila txiki bat, soinu-ekipoa, proiektagailua duen pantaila eta aulki tolesgarriak izango lituzke. Eta, bestetik, jarduera-gune bat, lantegietarako lan-mahaiez hornitua.
Areto nagusiak, halaber, erakusketak egiteko sistema bat izan beharko luke, besteak beste. Era berean, elkarteentzako gune txiki bat, komun bi eta biltegi txiki bat egokitzea proposatzen da.