Arrate Illarok irabazi du Txillardegi-Hausnart Soziolinguistika 2024 Saria, euskararen normalizazioan egindako lanagatik

Ander Zarraga 2024ko aza. 26a, 16:01

Illarok Txillardegi-Hausnart Soziolinguistika 2024 Saria abenduaren 10ean jasoko du EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan.

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) antolatutako Txillardegi-Hausnart Soziolinguistika Sarien 2024 edizioko lehen saria eman diote Arrate Illaro Etxebarriari, euskararen normalizazioaren arloan giza baliabideen kudeaketari buruz egindako ikerketagatik. Lan horretan aztertzen du nola atxiki talentua eta motibatu euskara sustatzeko konpromisoa duten langileak, bereziki, sektore publikoan eta gizarte-mugimenduetan, indarguneak eta erronkak identifikatuz.

Bigarren saria Eider Gurrutxagak jaso du, Gipuzkoako hizkuntza politikako hiru ekimen aztertu baitzituen. Hirugarren saria, aldiz, Oihane Alavari eman diote, Durangaldeko 16 eta 18 urte bitarteko gazteen hizkuntza praktikei buruz egindako ikerketagatik.

Sari-banaketa ekitaldia datorren abenduaren 10ean izango da, 17:00etatik aurrera, EHUren Bilboko Bizkaia Aretoan. Sari horiek euskararen normalizazioaren eta eguneroko bizitzan integratzearen alde lan egiten duten ikerketak bultzatzeko eta aintzatesteko gune gisa duten ospea sendotzen dute.

Soziolinguistikan berrikuntza

2008an sortu zenetik, sari hauek soziolinguistikan berrikuntza teorikoa eta metodologikoa sustatzea dute helburu, baita euskaragaz lotutako ikerketak bultzatzea ere. Saritutako lanek hainbat diziplina landu ditzakete, hala nola soziologia, hizkuntzalaritza, psikologia edo komunikazioaren zientziak.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi izena du sariak, euskal ezagutza soziolinguistikoari egindako ekarpen nabarmenaren omenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun