“Gabon magikoak, Opari paregabeak” da aurtengo Gabonetako Getxoko kanpainaren leloa, eta, egun horietan ohikoa denez, jarduera-programa zabala egongo da gozagai.
Aurtengo kanpaina honetan, merkataritza-establezimenduek agenda batzuk banatuko dituzte Alex Orbe artista eta Getxoko Komiki Aretoaren azken edizioko irudiaren arduradunaren Gabonetako ilustrazioagaz. Agenda horiek, guztira 5.000 ale, doan emango dituzte Gabonetako kanpainari atxikitako merkataritza-establezimenduetan.
Gainera, tokiko merkataritzaren Gabonetako kanpaina abenduaren 10ean hasiko da, eta, ondoren, tokiko merkataritza sustatzeko eta animatzeko kanpaina bat egingo du GetxOpariak egitasmoak. Horren bidez, pertsonaia magikoek Gabonetako erosketak udalerriko lau merkataritza-ardatz nagusietako edozeinetan egiten dituztenei sariak emango dizkiete: Areeta, Itzubaltzeta/Romo, Algorta eta Andra Marin.
Era berean, kalean hainbat dinamizazio-ekintza egongo dira gozagai. Abenduaren 17tik aurrera, KM Kantu euskal musika taldeagaz eta Areetako merkataritza-gunean Utopian taldeagaz opariak banatzeagaz, 18:00etan (Bizkaia Zubiaren plazan hasiera); abenduaren 19an, Batukada izango da eta opariak banatuko dituzte Utopian arte eszenikoen zentroagaz Algortako merkataritza-gunean; txaranga eta opari banaketa hilaren 21ean egingo dute, 12:00etatik 14:00etara, Andra Mari merkataritza gunean (Borobia parkean hasiera), eta, azkenik, hilaren 26an, trikitia eta opari banaketa Itzubaltzeta/Romoko merkataritza gunean (Ibaiondon hasiera).
Getxolandia
Getxolandiak, Getxoko Umeen Gabonetako Parkeak, hainbat atrakzio ekarriko dizkie haurrei abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra arte, Areetako Xake plazan. Parkeak, Euskadiko Ferialari Autonomoen Elkartearen (AFADE) hainbat atrakzio izango ditu. Ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izango da, baina abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean parkea itxita egongo da. Bidaia bakoitzaren prezioa 2 eurokoa izango da, eta bost bidaiako bonu bat egongo da atrakzio bererako, 7,50 eurokoa.
Olentzeroren kalejira eta Erregeen desfilea
Olentzero antolatzeko batzordeek eta dantza taldeek zenbait jarduera egingo dituzte abenduaren 21ean, 23an eta 24an, auzo bakoitzaren arabera.
Horrez gain, Erregeen desfileak Getxo zeharkatuko du urtarrilaren 5ean, bi ibilbidegaz. Lehenengoa, Andra Maritik eta Algortatik igaroko da, 17:30etik aurrera. Bigarrena, Romo-Areetan izango da, 19:30etik aurrera. Etapa bakoitza amaitzean, Errege Magoen harrera egingo dute Algortako Andres Isasi Musika Eskolan (Muxikebarriko sarrera Obispo Etxeandia kalekoa) eta Romo Kultur Etxean, hurrenez hurren.
"Gabonetan" zikloa familiarentzat
Eskolako oporrak direla eta, Romo Kultur Etxeak “Gabonetan” zikloa hartuko du, familientzako eta haurrentzako ikuskizunak izango dituena, 12:00etan guztiak. Abenduaren 23an Trapos txotxongilo ikuskizuna eskainiko da eta, 26an, Egunen batean antzerkia. Abenduaren 27an eta 28an, Ameztu eta Entrañas antzerki muntaiak, eta 30ean, tA ikuskizuna.
Urtarrilean, zikloari jarraipena emateko: Kontukantari bi, mendian ibiltari (urtarrilak 2), Hansel y Gretel (urtarrilak 3) eta Y los sueños…libros son (urtarrilak 4) irakurmenari buruzko lana. Ikuskizun bakoitzerako sarrerak 5 euroko prezioa izango du eta Getxo Kulturaren ohiko salmenta-puntuetan eros daitezke.
Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun eta GureGune gaztelekuetan
Udal ludotekako jarduerak Romo Ikastetxean egingo dituzte, eta bertan 5 eta 11 urte arteko haurrentzako aisialdiko hainbat jarduera izango dira: tailerrak, jolas kooperatiboak, hainbat motatako dinamikak eta abar. Aurten ere txanda bi ezarriko dituzte: lehena, abenduaren 23tik 27ra, eta bigarrena, abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra. Jardueren ordutegia 10:30etik 13:30era izango da. Inskripzio-epea daborduko bukatu da.
Horrez gain, Romoko GureGune eta Algortako Gauegun gaztelekuek Gabonetako jarduerak egingo dituzte abenduko zenbait egunetan, batzuk elkarregaz, hala nola "Loturak Elkargune", nerabeak migrazio-prozesuez eta migratzaileen harreraz sentsibilizatzeko jarduera bat, eta Bilboko Umeen Gabonetako Parkera (UGP) irteera bat, abenduaren 27an, barikuan.
Bapiruke neguko koloniak
Bizarra Lepoan elkarteak Bapiruke euskarazko neguko koloniak antolatu ditu berriz ere, 5 eta 12 urte arteko gaztetxoentzat (2012-2019). Jarduerak, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra izango dira, 09:00etatik 13:30era, eta 09:00etatik 17:00etara txango egunetan. Inskripzio epea daborduko itxita dago ere.