Bizarra Lepoanek zabaldutako irakurketa, osorik:
Getxon milaka lagun gara euskaraz bizi nahi dugunok eta euskaraz bizitzeko daukagun eskubidea defendatzera goaz.
Gure nahia eta borondatetik harago ere, hainbat legek babesten dute euskaraz bizitzeko dugun eskubidea. Getxon, ordea, oraindik ez da eskubide hori bermatzen.
Euskaldunok, zoritxarrez, ohitu egin gara korrontearen kontra bizitzen, egunero. Batzuetan, oraindik euskaraz ulertzen ez dutenen axolagabekeria da korronte hori, ez dutelako inolako asmorik egoera aldatzeko ahaleginik egiteko. Beste batzuetan, berriz, zuzenean gure eskubideak zapaltzen dituzte, hala nahi dutelako. Eta horren emaitza da egoera onartu egiten dugula oharkabean, korrontearen zailtasun eta traba horiek ikusi gabe, sumiso linguistikoak bihurtu arte.
Eguneroko ekintza sinpleenetan ere estres linguistikoa bizitzeaz nekatuta gaude: kafe bat eskatzean, mediku euskalduna eskatu arren ulertzen ez diguna jartzen dutenean, udaltzain parea gelditu eta ulertzen ez digutenean, ume eta gazteentzako kultur- eta aisialdi-eskaintzaren zati handi bat gaztelaniaz besterik ez denean, edo seme-alabek kiroldegiko euskarazko ikastaroan apuntatu baina hezitzaileak gaztelaniaz egiten dienean, zapalkuntzaren zirimiri ikusezin bezain eraginkorrean bustitzen ari gara etengabe, eta apurka-apurka hiztun modura gure kemena txikitu eta frustrazioa handitzen da.
Getxon nonahi eta noiznahi euskaraz bizitzea ezinezko egiten duten arrazoi asko dago: batzuk, erabaki politikoek edo era guztietako eragileen erabakiek eragindakoak dira; eta beste batzuk, gizartearen joerek edo bestelako faktoreek eragindakoak dira. Horiei guztiei erantzun behar izatea neketsua eta etsigarria da sarritan, errazagoa eta erosoagoa baita korronte nagusiarekin bat egitea. Horregatik ezinbestekoa da modu antolatuan erantzutea, eta euskaldunon sare indartsua zabaltzea.
Gainera, harrotuta eta erasokor daude euskaldunon kontrako jarrera dutenak, eta horregatik oldarraldi judizial, mediatiko eta politiko indartsuak erasaten digu, ez dutelako onartzen bizitzaren eremu guztietan euskara normalizatzea eta zabaltzea.
Bitartean, Getxon euskaraz bizitzea eguneroko aldapa bat da hori erabaki dugunontzat, kontrako norabidean datorkigun jende multzoaren kontra kale bat igotzen saiatzea.
Baina ez dugu etsiko. Korrontearen kontra ari garela jakinda ere, korrontea aldatzeko lanean ari den jende ugari dugu gure ondoan. Joera nagusiaren autobide errazenetatik joan beharrean, euskararentzat bidegorriak eraikitzen ari diren gune eta taldeak baditugu Getxon: euskarazko kulturgintzaren espazioak eskaintzen dituztenak, aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko lanean ari diren elkarteak, euskaldunon komunitatearen ateak kide berrientzat irekitzen dituzten euskaltegiak, edo euskaraz funtzionatzea erabaki duten era guztietako taldeak(elkarteak, enpresak, komertzioak, tabernak…).
Jende multzo antolatuei esker aldatuko ditugu korronteak, beraz, hiztun zein komunitate modura ditugun eskubideak lortzeko, etsi gabe, gero eta jende gehiagorekin batera, auzolanean.
Antolatzeko, ekiteko eta mugimendura batzeko deia egiten diegu getxoztarrei euskaldunon eta euskaltzaleon plaza asketik. Eginez, ekinez eta eraginez mugiaraziko ditugu mugiezinak diruditen joera, arau eta jarrerak. Eta erabaki politikoak hartu behar dituztenei euskararen aldeko politika eraginkorrak martxan jar ditzatela eskatuko diegu.