Euskaraldiaren Getxoko Hamaikakoa osatuko duten 11 kideak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2024ko abe. 2a, 15:43

Euskaraldiaren Hamaikakoa aurkezte ekitaldia egin zuten zapatuan Algortan. © GETXOKO UDALA

Hamaikakoa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren hurrengo edizioan euskararen enbaxadore gisa arituko diren hamaika pertsonek osatuko dute. Talde horren helburua da euskararen erabilera hainbat esparrutan sustatzea eta euskararen erabilera eguneroko bizitzan indartzea.

Zapatuan, Algortan egindako ekitaldi batean, Getxoko Hamaikakoa ezagutzera eman zuten. Getxoko Udalak osatutako batzordeak antolatu zuen ekitaldia, Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteakaz batera, eta figura horiek komunitatean erreferente gisa duten garrantzia nabarmendu zueten.

Hain zuzen ere, esparru desberdinetan euskararen erabilpena sustatzean arituko direnak eta Euskaraldiaren hizkuntza-ariketaren helburuak lortzen lagunduko dutenak hurrengoak izango dira: 

  • Javier Onaindia, Herri Irratia eta Bizkaia Irratiko zuzendaria, ibilbide luzeagaz irratigintzan.
  • Ainhoa Calderon, bordatuen eta euskal jantzien dendaren kudeatzailea Itzulbatzeta/Romon eta merktaritzan euskararen aldekoa.
  • Celeste Agüero, Argentinako kantaria, irakaslea, esataria eta poema xuxurlaria.
  • Begoñe Eguskiza, Lauaxeta AEK euskaltegiko irakaslea urte askotan eta Egizuko batzordeko kidea.
  • Ane Omagogeaskoa, Romo AF nesken taldeko kidea. Kirola ezagutarazteaz gain, euskara bultzatzea dute oinarri.
  • Laura Siles, Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean, Arte Ederren munduan erakusketa, ekintza, proiekzio bisual eta hitzaldien egilea.
  • Iñaki Etxegia, Arene 6 taldeko bateria- jolea izateaz gain, irakaslea, judoka eta kulturaren aldeko ekintzailea da.
  • Xabier Ugarteburu, Magisteritzan lizentziatua, trikitilaria, Urrats musika taldeko partaidea eta Fikzio Fabrikako partaidea.
  • Irune de la Maza, Itxas Argia dantza taldeko kidea eta EuskarAbentura espedizioko koordinatzailea.
  • Irene Ezkurra, irakaslea, GEHITUren dinamizatzailea izandakoa, Hariako eta mugimendu feministako kidea.
  • Tere Elvira, Berantzagi dantza taldeko kidea, hizkuntzaren aldeko jarrera positiboa duena, euskara ez jakin arren.

"Elkar mugituz egingo dugu" lelopean, Euskaraldiak herritarrak mobilizatu gura ditu 2025eko maiatzaren 15etik 25era euskararen eguneroko erabileran rol aktiboak har ditzaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun