Adimen Artifiziala

Marina Goñi eta Peio Atxalandabaso: "Jaialdira datozen pertsonak asko zaintzen saiatzen gara, serifalarien familiakoak bezalakoak sentitu daitezen"

Ander Zarraga 2024ko mai. 24a, 11:17

Serifalaris 2024 Marina Goñi eta Peio Atxalandabaso. © SERIFALARIS

Marina Goñi eta Peio Atxalandabaso Serifalaris diseinu grafikoaren jaialdiko sortzaileak dira. Jatetxe baten menuan bezala, maiatzaren 9an eta 10ean, sektoreko punta-puntako profesionalak eta bestelako gonbidatu bereziak batu zituzten Muxikebarrin, askotariko zaporeak eskaini zituen otordu ederra emateko. Sormena eta produktu lokalak zein atzerrikoak elkartu dituen sukaldean sartu gara beraiekaz, 11. edizioko menua nolakoa izan den hurbiletik ezagutzeko.

Hasteko, zein izan da aurtengo Serifalaris-eko menuaren balantzea?

MARINA GOÑI: Oso pozik gaude jaialdiaren emaitzarekin, jaso dugun feedback guztia oso positiboa izan baita. Urtetik urtera, aurrekoa baino maila altuagoa da eta lan handia egin dugu iritsi garen mailara heltzeko. Urtero saiatzen gara gainditzen eta hobeto egiten, eta, egia esan, azken emaitza ikusita, merezi izan du, asko gozatu dugu.

PEIO ATXALANDABASO: Edizio honetatik ikasi duguna da oso komunitate fidela eta esker onekoa dugula, eskaintzen duguna asko baloratzen duena. Halaber, hizlari gisa etortzen den jendea zaintzen saiatzen gara beti, baina ikusleentzat beti nahi izaten dugu harridura, dibertsioa eta gauza berriak ekartzea, eta bertaratzen direnek asko eskertzen dute hori.

Little Spain, Annie Attkins, Paula de Alvaro, Ane Guerra, Izaskun Chinchilla... Zuen errezetarako diziplina askotako osagaiak (hizlariak) ekarri dituzue aurten, zeren arabera egin duzue aukeraketa?

M. G.: Ez dakigu mundu guztiak horrela egiten duen edo guk zailtzen dugun prozesua, baina mimo eta kontu handia jartzen diogu kartel ona osatzeari. Gure helburuetako bat da diskurtso eta diziplina desberdin asko eskaintzea, eta horietako bakoitzean onena dena ekartzea. Baina ez da gustatzen zaizkigun estudio edo agentzia guztietara gonbidapena bidaltzea bezain erraza, baizik eta hautatzen, zirriborratzen, deitzen eta birpentsatzen joaten gara norbaitek baieztatzen digun heinean.

P. A.: Diseinuari bakarrik zuzendutako programazioa ez izatearen aldeko apustua egiten dugu beti. Beste diziplina batzuetan aritzen den jendearen ezagutzatik ikastea gustatzen zaigu, eta horiek alderdi sortzailea, prozesua, sentsibilitatea gurekin, diseinatzaileekin, partekatzen dute. Eta, zer esanik ez, hizlari ezkutuak... ezinbesteko figura dira jada guretzat. Eszenatokian hitzaldi bat ematen inoiz itxarongo ez zenukeen jendea topatzeak freskotasuna eta intriga ematen ditu, eta askotan arrakasta gehien lortzen dutenak dira.

"Diseinuari bakarrik zuzendutako programazioa ez izatearen aldeko apustua egiten dugu beti"

“Ni chiken teriyaki ni ostias, bakalao al pilpil” izan da aurtengo leloa. Nondik dator hau?

P. A.: Edizio bakoitzean kontzeptu eta grafika berria definitzea bereizgarria iruditzen zaigu, eta ahalik eta gehien esplotatzea grazia handia egiten digu barne-antolakuntzan. Hitz-jokoek eta txantxek eramaten gaituzte askotan pieza konkretuak bukatzera, gure esentzia errespetatzera eta hitzaldiak eremu atseginagoa eta dibertigarriagoa izatera.

M. G.: "Serifalarisen sukaldatzen da dena" edo "Serifalarisen dago pilpilean dagoen guztia" ideietatik dator sukaldaritzarekin lotzeko kontzeptua: eta zer hobe, gure kultura eta gastronomia, hemen onena dagoela esateko. Oso elementu euskaldunez inguratuta gaude: Algortako Portu Zaharra, San Nikolas plazako frontoia, kalitatezko eskaintza gastronomikoak dituzten jatetxeak... Inguruneak asko laguntzen digu transmititu nahi genuen ideia indartzen. Baina, egia esan, Serifalarisek behin baino gehiagotan izan du ingurunearekin lotura handia duen grafika bat, eta bere nortasunean hemengoa izatea ere badago.

Zer da zuen ustez gaur egun diseinuaren sukaldeetan gehien baloratzen diren osagaiak? Euskal Herrian ba al dugu halakorik?

M. G.: Ez dakigu zehazki zer den gehien baloratzen dena egungo diseinuaren panoraman, baina guk diskurtsoa, ideiak eta kalitatezko lana duen jendearen aldeko apustua egiten dugu beti. Azken produktu bakoitzaren atzean dagoen kontzeptua funtsezkoa da. Eta, jakina, Euskal Herrian baditugu aipatu dugun mailako profesionalak.

P. A.: Bai, Serifalaris gure esku ez zeuden profesionalak Getxora ekartzeko asmoarekin jaio zen, gure inguruko ekitaldietan aurkitzea zaila egiten zitzaigulako. Filosofia horri eusten jarraitu nahi dugu, kartel desberdin bat eskaini ahal izateko, eta hemen aurkitzeko zaila dena bertaratu nahi dugulako.

M. G.: Hala ere, badakigu diseinuaren mundua oso aktibo dagoela Euskal Herrian, hainbat jaialdi, sari, jarduera, hitzaldi... ditugu, tokiko profesionalen lanari balioa ematen diotenak, eta hori ere oso inspiratzailea da guretzat.

"Erreferenterik gabe eta ideien liburutegi propiorik gabe, oso zaila da sortzailea izatea. Horregatik Serifalaris eta horrelako ekitaldietara etortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, batez ere, gazteentzat"

Gero eta zailagoa den mundu horretan, diseinatzaile gazteek eta hasiberriek aukerarik izango dute etorkizunean sorkuntzaren mundutik bizitzeko? Zer esango zenieke mundu horretan sartzekotan dauden gazteei?

M. G.: Bai, egia da mundua aldatzen ari dela, eta nola kontsumitzen dugun eta nola bizi garen ere bai, baina beti izango dugu komunikatzeko beharra, eta hori da gure lana. Datozen belaunaldi berriek beren burua berrasmatu beharko dute, eta mundu aldakorrera, teknologien aurrerapenetara eta komunikazio- eta sorkuntza-tresnetara egokitu, baina beti egongo da lekua ideia onentzat, eta are gehiago ondo adierazita eta gauzatuta dauden ideientzat.

P. A.: Formula berriak eta bide berriak bilatzea adierazi behar dutena adierazteko, mundu eta irtenbide berriak ezagutzea, formakuntza ona bilatzea eta mugitu daitezen, hori izango litzateke nire aholkua. Erreferenterik gabe eta ideien liburutegi propiorik gabe, oso zaila da sortzailea izatea. Horregatik Serifalaris eta horrelako ekitaldietara etortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, batez ere, gazteentzat.

Feminismoak ere leku esanguratsua izan zuen jardunaldietan; diseinua eta, oro har, arteak burgesa matxista eta klasista izaten jarraitzen duela deritzozue?

M. G.: Emakumeen presentziari dagokionez, oso gogoan dugu ekitaldiaren kartela osatzerakoan. Ulertzen dugu diseinuaren egungo panoraman arrakastaren arrakala ez dela hain handia, ikus dezakegu emakumeak erreferente izaten hasi direla, baina dugun errealitatea izanik, oso deigarria egiten zaigu, askoz zailagoa egiten zaigulako emakumeak lortzea hitzaldiak emateko gizonak lortzea baino.

Lehengo egunean irakurri nuen emakume filosofo, aktibista eta dibulgatzaile feminista batek podcast bat hasi duela eta arazo berarekin topo egin duela. Guk inoiz egin dugun, eta berak egiten zuen irakurketaren arabera, alde batetik iruzurgilearen sindrome famatuak indartsuago jotzen gaitu gu eta kosta egiten zaigu geure burua hizlari, protagonista eta eszenatoki batean igota ikustea; eta, bestetik, kontziliazioa zailagoa egiten zaigu.

P. A.: Inoiz gertatu izan zaigu, baina oso arraroa da diseinuan aritzen den gizon batek kontziliazioagatik ezetz esatea hitzaldi bat emateari. 

Adimen artifizialaren gaia ez zen eztabaidetan oso presente egon; hala ere, zuen ustez adimen artifiziala kreatibitatea hiltzera datorren sukaldaritza prekozinatua bezalakoa da, edo hor atzean askoz gehiago dago?

M. G.: Tira, tresna berri hauekiko beldurra normala dela uste dugu, baina adimen artifiziala hori besterik ez dela uste dugu: lan handia aurreztuko digun tresna berri bat, baina gutxitan ordezkatuko gaituena. Pertsonak gara ideia onak ditugunak, makinak, aldiz, ahalegin gehiago edo gutxiagorekin hauek aurrera eramateko tresna soilak dira.

"Serifalaris gure esku ez zeuden profesionalak Getxora ekartzeko asmoarekin jaio zen"

Etorri direnei bertan geratzeko, kontsumitzeko eta herriaz disfrutatzeko gonbidapena ere egin diezue; Serifalarisek tokikotasuna sustatzeko helburua ere badu?

P. A.: Ia fardatzetik gehiago, kar kar kar. Egia esan, saiatzen gara Serifalaris plan bat izan dadin, diseinuari buruzko hitzaldiak ikustera etortzez gain, esperientzian murgiltzeko momentua izatea gustuko dugu: hitzaldiak ikustea eta letra formako pastez gain, ondo jatea, Algortako Portu Zaharra ikustea, ingurua ezagutzea eta horretaz disfrutatzea... Zorionez, gure udalerriak xarma handia du, gastronomia ona, kultura-eskaintza ona... ez dago lan handirik egin behar jendea festibaletik kanpo ondo pasatzeko.

Bakarrik joan ziren entzuleentzako talde bat ere sortu zenuten, diseinuaren komunitatea indartzeko helburua edo beharra ere badagoela esango zenukete?

P. A.: Lehenago komentatu dugun bezala, jaialdira datozen pertsonak asko zaintzen ahalegintzen gara, beti saiatu gara etortzen den jendea Serifalarien familiakoa sentitu dadin. Guk bebai bizi izan dugu horrelako tokietara lagunik edo lankiderik gabe joatea, lotsa ematen du, ordu asko dira eta bakarrik sentitzeko momentuak topatu ahal dituzu… Serifalaris-en zeure kuadrilla izatea polita dela uste dugu.

M .G.: Egia esan, oso ondo funtzionatu du eta ekimenagatik ez gaitu zoriondu bakarrik "zerbitzu" horretaz "gozatu" duen jendeak, jende askori ideia ona iruditu zaio. Kopiatuko gaituztelako ustetan gaude, kar kar kar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun