Euskaltzale askoren aterpe izan da berriro ere Fadura IgeriBiziren ekimenez

Iker Rincon Moreno 2024ko abe. 10a, 10:17

IgeriBizi egitasmoaren antolatzaileak Bizarra Lepoaneko kideakaz batera. © IGERIBIZI

Aurtengoa bigarrena izan da, eta iazkoan bezala, 500 bat euskaltzale aritu dira IgeriBizi egitasmoan, 24 orduz euskararen alde igerian. Algortako Fadurako igerilekuetan aritu dira, abenduaren 7an eta 8an, eta batutako dirua, 2.565 euro, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteari eman diote donazioan. 

Antolatzaileek zehaztu dutenez, 140 norbanako, 20 bat familia eta 20 elkartek parte hartu dute egitasmoan, iazkoaren pare, aste-akabua "zaila" izan arren. Hala ere, nabarmendu dute parte-hartzea orekatuagoa izan zela orduz ordu, eta parte hartu zutenek "oso ondo" pasatu zutela ekimenean. Izan ere, hori lortzeko, igerian txandaka aritzeaz gainera, orduak dinamizatzeko hamaika jarduera antolatu zituen Swim Camp Getxo elkarteak, hala nola jokoak eta waterpolo entrenamenduak. 

Aurrekoan legez, euskaraz bizi gura dutela aldarrikatzeko hurbildu ziren igerilariak, eta hori ahalbidetzeko elkarte bati eman diote aurten batutako diru guztia, Bizarra Lepoani, hain zuzen. Helburu horretarako, gainera, uretan txonbo egin ez zuten beste euskaltzale asko ere bertaratu zen Fadurara, hala nola giroa dinamizatzeko Oier Garamendi eta Haizea Larrosa musikariak eta Haizea Belasko eta Haritz Sanchez, baita Udalbatzako zenbait ordezkari ere, tartean, Amaia Agirre alkatea.

Antolatzaileek eskerrik beroena helarazi diete parte-hartzaile guztiei, eta aurtengo edizioak izandako babesari erantzunez, datorren urtean egitasmoa errepikatuko dutela iragarri dute. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun