Algortako dendek sariak banatuko dituzte Gabonetan

Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 10:20

Algortako Dendak elkarteak Sariak Gabonetan izeneko kanpaina jarri du martxan, hilaren 26ra arte. Horren helburua da tokiko kontsumoa sustatzea, auzoko saltokiei laguntzen dieten herritarren fideltasuna saritzea eta, beste negozio batzuk ezagutaraziz, salmenta gurutzatuak sustatzea.

Parte hartzeko, “Gabonetako pasaportea” doan eskuratu daiteke parte hartzen duten 54 establezimenduetan. Negozio parte-hartzaileetan edozein erosketa zein kontsumo egitean, pasaportearen laukietako bat zigilatuko dute eta, saltoki desberdinetan hiru zigilu lortzean, pasaportea osatuta egongo da eta opari zuzena jaso ahal izango dute erosleek, izakinak agortu arte.

Behar bezala beteta batzen diren pasaporte guztiak, 2.000 euro inguruko balio duen saski baten zozketan sartuko dira. Saski horrek 54 opari ditu bere baitan, era guztietako produktuakaz zein erosketa-txartelakaz. Pasaporteagaz batera, negozio parte hartzaileen zerrenda duen eskuorri bat banatuko dute, auzoan zehar "bidaiatzen" jarraitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun