Adimen Artifiziala

Getxoko Udalak adimen artifiziala erabiliko du obra-lizentzien kolapsoa murrizteko

Erredakzioa 2024ko aza. 28a, 13:35

Hirigintza saila oposizioko talde guztien jomugan dagoela, Getxoko Udalak jakinarazi du 2022an proba pilotu gisa gaitutako "Aurretiazko jakinarazpen enpresak" izeneko programa bati esker, obra txikien kudeaketa % 102 handitu zela iaz, eta igoera hori mantendu egin dela aurten. "Herritarrei obra-baimenak eta dagozkion ordainketak berehala eta modu pertsonalizatuan ebaztea ahalbidetu die", jakinarazi dute udal-arduradunek. Gainera, iragarri du AAn oinarritutako proiektu bat jarriko dutela martxan dokumentuak berrikusteko eta egiturei eragiten dieten txostenak egiten laguntzeko.

Gaurko osoko bilkuran eman ditu datu horiek Iñigo Urkitza Hirigintza Diziplina Zerbitzuko zinegotziak, EH Bilduk aurkeztutako mozio bati erantzunez. Mozio horren bidez eskatu du kanpoko enpresa betek auditoretza bat egin dezala “Hirigintza Arloaren kaudimenari, prozedurei, beharrizanei, baliabideei eta eraginkortasunik ezari buruz, hirigintza-lizentziak lortzeko epe oso luzeak baitira, prozedurak ez baitira argiak, kudeaketa ekonomikoa hobetzeko adierazleak falta baitira…". Hala ere, mozioa atzera bota dute.

Azaldu dutenez, zerbitzu horren bidez, herritarren arretarako bulegoetan (HAB) banan-banan erantzuten dira obra txikien inguruko eskaerak. Zifrek "bermatzen" dute egindako kudeaketa, kontuan hartuta obra txikien aurretiazko jakinarazpenen kopuruarekiko aldea: 2023an, 1.733 izan ziren guztira; eta 2022an, berriz, 855 (+% 102). Aurten 1.839 bideratu dituzte. “Aplikazioaren bidezko kudeaketa berriari esker, obra txikien harrera arindu da, eta, gainera, autolikidazioak automatikoki sortzen dira, ordainketa-gutuna barne; hau da, herritarrek berehala ebazten dute obra- eta ordainketa-baimena”, adierazi du Urkitzak.

Fatxadei, estalkiei eta antzeko egiturei eragiten dieten lizentzien kudeaketari dagokionez, askoz gutxiago dira (2022an 508 izan ziren eta 2023an 367). "Egia da espediente horien zenbatekoa nabarmen txikiagoa bada ere, askoz ere espediente konplexuagoak direla, izapide batzuk Udalaren mende baitaude, baina beste batzuk beste administrazio batzuen eta eskatzailearen beraren mende. Zailtasun horiek eta esku hartzen duten aldagaiak direla eta, kasu batzuetan dokumentazioa zuzentzeko errekerimenduak dituzten espedienteen pilaketa bat dago, denboran luza daitezkeenak”, azpimarratu du Urkitzak.

Ildo horretan, eraginkortasun handiagoa lortzeko asmoz lantzen ari diren alderdi batzuk zerrendatu zituen Udalbatzan, besteak beste, adimen artifizialeko proiektu pilotu bat egitea dokumentuak berrikusteko eta egiturei eragiten dieten txostenak egiten laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun