"Desarma ditzagun sionismoaren konplizeak" lelopean manifestazioa egin dute Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2024ko abe. 16a, 12:51

Zapatu arrastian, Khalas! Palestina - Uribe Kosta elkartasun taldeak, hainbat gizarte eragileren babesagaz, manifestazioa egin zuen Getxon, Palestinako kolonizazioan eta genozidioan inplikatutako enpresen eta erakundeen konplizitateak salatzeko. Besteak beste, Kutxabank, BBVA, Banco Santander, Carrefour eta euskal arma-enpresen rola nabarmendu zuten, Areetan egoitza duen Sener konpainia bereziki azpimarratuz.

Manifestazioa 19:00etan abiatu zuten Bizkaia Zubitik, eta aipatutako enpresa eta erakundeen egoitzen aurretik igaro da, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan amaitzeko. Bertan bildutakoek gogor salatu dute erakunde horiek milioika euroko etekinak ateratzen dituztela Palestinako herriaren sufrimenduaren kontura. Eragileek azaldu dutenez, finantza-erakunde eta enpresa horiek arma-fabrikatzaileak finantzatzen dituzte, Israeleko industria militarragaz elkarlanean aritzen dira edo okupazioa sendotzen duten proiektuetan parte hartzen dute.

Protestan parte hartu zutenek konplizitate horiek berehala amaitzea exijitu zuten, eta Palestinako herriaren askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi. Khalas! Palestina - Uribe Kostak adierazi zuen Euskal Herritik elkartasun sendoa bidaltzen dietela Palestinako herritarrei, eta eragile horretako kideek gizarte osoari dei egin zioten konplizitateak agerian uzteko eta horrelako jarduerak bertan behera uzteko presioa egiteko.

Ekimenak Uribe Kostako eta inguruko gizarte eragile askoren babesa izan zuen, eta manifestazioa Euskal Herriko elkartasunaren "adibide argia" bihurtu dela nabarmendu zuten. Halaber, parte-hartzaileek adierazi zuten apartheid israeldarraren aurkako borroka ere euskal herritar guztiena ere badela, "borroka hau gurea ere bada", eta konplizitate sareak agerian uzten jarraitzeko asmoa berretsi zuten: "Justiziaren eta giza eskubideen aldeko konpromisoa tinko mantenduko dugu".

Argazkiak: © KHALAS - PALESTINA!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun