Bazkide izateko eskaerak irizpideen arabera baloratzen direla dio Getxo Arraun Elkarteak, baina salatzaileek legezkotasuna zalantzan jarri dute

Iker Rincon Moreno 2024ko abe. 20a, 12:14

Salaketa publiko egin duten arraunlariak, Portu Zaharrean.

Elkarteko bazkide izateko aukera ukatu zaiela salatu ostean, Getxo Arraun Elkarteak ohar bat kaleratu du esanez bazkide berrien onarpena "ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuak eta klubaren estatutu sozialak arautu" egiten dutela, eta, horien arabera, edozein eskaera formal zuzendaritza-batzordeak "irizpideak libreki baloratzeko ahalmena" ei duela, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta. Egoeraren salatzaileek, baina, azpimarratu dute estatutuek ez dutela halakorik jasotzen eta, ondorioz, "legala ez dela" egiten ari direna.

Kluba "bahituta" dutela salatu duten kirolariei erantzunez, Getxoko Arraun Elkarteak publikoki erantzun du esanez edozein bazkideren onarpen-prozesua ez dela automatikoa, eta zuzendaritza-organoaren aldeko iritzia behar duela. Izan ere, elkartekoen arabera, onarpenak ekainaren 22ko 163/2010 Dekretuak eta klubaren estatutu sozialek arautzen dute, eta horrek esan gura duela edozein eskaera formal zuzendaritza-batzordeak "diskrezionalki" baloratzeko ahalmena duela, kasu bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta. Ondorioz, elkarteak adierazi du onarpen-prozesua ez dela automatikoa, eta zuzendaritza-organoaren aldeko iritzia behar duela.

Hala ere, klubak azpimarratu du eskaera bat ez onartzeak ez duela eragozten interesa duten pertsonek klubaren jardueretan parte hartzea edo laguntzea. Eta puntu horretan aipatu du klubaren jarduerak eta helburu sozialak garatzen laguntzeko interes erreala eta eraginkorra dagoela egiaztatzen denean, zuzendaritza-batzordeak onarpen-eskaerak berriz aztertu ahal izango lituzkeela.

Klubaren estatutuen seigarren artikuluak dio hiru baldintza betetzen dituzten pertsonak izan daitezkeela bazkide, hau da, adinez nagusiak direnak, dagokion sarrera-kuota ordaintzen dutenak eta kirol-elkartearen helburuetan interesa dutenak. Zazpigarrenak, aldiz, zehazten du bazkide izateko eskaera presidenteari jakinarazi behar zaiola, eta horrek jakinaraziko diola zuzendaritza-organoari bertako kideek zehazteko aurreko artikuluak (seigarrenak) zehazten diren baldintzak betetzen diren ala ez zehazteko. Bete ezean, eskaerari uko egiteko ahalmena izango luketela.

Kasu honetan, bazkide izan gura duten kirolariek deitoratu dute den-denek eman beharreko pausoak eman dituztela, eta baldintza guztiak betetzen dituztela. Hori horrela, ez dute ulertzen zer dela eta ukatu zaien eskubide hori. Kontuak horrela, bide judizialera joko dutela iragarri dute berriro ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun