Egitasmo horri esker, 20 euroko erosketen truke, getxoztarrek sari paregabeak eraman ahal izan zituzten; zehazki, 50 euroko deskontuko bonuak banatu zituzten hainbat saltokitan zuzenean trukatzeko. Horregaz batera, 2025ean zehar herriko turismo- eta kirol- enpresetan gozatzeko esperientziak ere: surf-bataioak, parapentea, hipika-klaseak, yoga, irteerak flyschetik, Bizkaia Zubiko pasabidera igotzea edo Punta Begoña galerietarako bisita gidatuak, besteak beste. Gainera, Alex Orbe artista getxoztarrak ilustratutako 5.000 libreta ere banatu zituzten.
"Gabon magikoak, opari paregabeak" kanpainaren leloagaz, 50 euroko opari-bonua jaso duten pertsonek, QR kode baten bidez, atxikitako 110 saltokien zerrendara sartu eta zein dendatan trukatu aukeratu ahal izan dute.
Kanpaina horren bitartez, Udaleko Ekonomia Sustapen Arloak getxoztarrek merkataritzarekin duten leialtasuna saritu gura izan du, eta Getxoko turismo- eta kirol-eskaintza ikusarazi, bikoteka edo taldean gozatzeko jarduera paregabeen bidez. "Gabon hauetan saritu nahi izan ditugu gure auzoetako merkataritzan konfiantza izaten jarraitzen duten getxotarrak, Gabonetako erosketak egiteko eta, horrela, tokiko kontsumoa sustatzeko", adierazi du Juanma Gonzalez Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.