Hiru ikastaro berri antolatu ditu Gaztebulegoak hilabeteotarako

Erredakzioa 2025ko urt. 7a, 10:35

Lehen sorospenen ikastaroa egongo da. © FUNDACION FADEI

Getxoko Gazteria Zerbitzuko Gaztebulegoak hiru ikastaro antolatu ditu 2025eko lehen seihilekorako. Doako tailer horiek 16 eta 30 urte arteko neska-mutilei zuzenduta daude, eta daborduko horietan izena eman daiteke, 944 660 353 telefono zenbakira deituta, 688 880 985 whatsappa bidalita, gaztebulegoa@getxo.eus mezu bat igorrita edota sare sozialen bidez harremanetan jarrita (Facebook eta X).

“Tailer hauen bitartez, Getxoko gazteei askotariko gaiei buruzko tresnak eta ezagutzak eskaini nahi dizkiegu, interes orokorrekoak eta, kasu batzuetan, lan-mundurako prestakuntza gisa ere erabil daitezkeenak. Era berean, ekimen honek topagune berriak sortu nahi ditu, gazteek harremanak modu osasungarri eta aktiboan eraiki ahal izateko", nabarmendu du Mihaela Jilavu Gazteria zinegotziak.

Lehenengoa, “Tailer artistikoa: pegatinak + imanak”, datorren martxoaren 22an (zapatua) egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz. Ikastaroan, gura diren eranskailuak sortu eta forma eman ahal izango zaie, marrazki, collage edo bestelako konposizioakaz. Tailerra 10:00etatik 14:00etara izango da, Algortako Sekula Studioan (Telletxe kalea, 15).

Bigarren ikastaroa, “Lehen sorospenak”, apirilaren 5ean (zapatua) izango da, gaztelaniaz, Romo Kultur Etxean, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, lehen laguntzetako oinarrizko teknikak aplikatzen irakatsiko da, hala nola bihotz-biriketako bizkortzea (BBB), desfibriladore baten erabilera, Heimlich maniobra edo iktus baten sintomak ezagutzen jakitea eta horren aurrean nola jokatu.

Hirugarren eta azken ikastaroa, “Elikagai-manipulatzailea”, bi txandatan egingo da RKEn. Lehena, maiatzaren 27an (martitzena), 16:00etatik 19:00etara, euskaraz; eta bigarrena, maiatzaren 30ean (barikua), 16:00etatik 19:00etara, gaztelaniaz. Ikastaroa amaitzean, dagokion ziurtagiria emango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun