Ekimena joan den urrian hasi zen, iaz hasitako Eskola Bidea proiektuko parte-hartzaile gehienek egindako eskaeraren ondoren, prebentziozko ohituren, jarreren eta balioen garapena eta kontzientziazioa sustatzeko. Programan parte hartzeko gonbidapena udalerriko 13 zentroei egin zien Udalak, baina, oraingoz, 8 dira programan parte hartzen dutenak. Guztira, Lehen Hezkuntzako 3. mailako 250 ikasle inguru parte hartzen ari dira prestakuntza horretan; apirilera arte iraungo dute eskolek.
Udaltzain batek ematen du bide hezkuntzaren irakaskuntza, bizikletari, patinete elektrikoari eta oinezkoari begira. “Saio bakoitzean, agenteak oinarrizko ezagutzak eta funtsezko arauak ematen ditu zirkulazio-seinaleei buruz, oinezkoen pasabideen erabilera zuzenari buruz, bizikletan ibiltzean kaskoa eramateak duen garrantziari buruz eta bide publikoa behar bezala erabiltzeko funtsezko beste alderdi batzuei buruz. Gainera, ikasleei esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko aukera ematen zaie. Azpimarratu nahi dut, beste behin ere, adin horietan jokabide arduratsua izateko unerik onena dela”, Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak adierazi duenez.