El Correo eta Naiz hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, Ertzaintzak izapideak ireki ditu adingabe batek joan den domeka goizaldean Areeta auzoan salatutako talde-erasoagatik. Gertakariak 02:00ak inguruan izan ziren, biktima eta beste neska-mutil batzuk euren etxeetara zihoazela, klub sozial ezagun batean ospatu zen errege-kotiloiaz gozatu ondoren. Mesedeetako kaletik zihoazela, skateparketik gertu, neska taldearengandik urrundu zen, antza denez, eztabaida baten ondoren. Une horretan, gizon batek bizkarretik eraso egin zion bortizki, lurrera bota eta beste pertsona batzuk gorputz osoan ukitzen hasi zitzaizkion.
Iturriek zehaztu dutenez, Ertzaintzari abisua eman ondoren, gertatutakoaren berri eman zien bertaratu ziren agenteei, eta erasotzaileen deskribapen fisikoa egin zuen. Ondoren, Gurutzetako ospitalera eraman zuten, bertan artatzeko.
Gaur, barikuan, Getxoko Udalak publikoki gaitzetsi du komunikabideek zabaldutako sexu-eraso hori, komunikatu baten bidez. Era berean, berdintasun- eta errespetu-balioetan oinarritutako gizarte bat lortzeko lanean jarraitzearen alde egin du, "non emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan sexu-harremanak, azken batean, beren borondatea erabat errespetatzeko".