Agate Deuna koru jaialdian parte hartzeko izen-emate epea zabalduko dute eguaztenean Getxon

Erredakzioa 2025ko urt. 14a, 12:36

Koruak kantan, Algortan, artxiboko irudian.

Bihar, urtarrilak 15,  38. Agate Deuna Koru Jaialdian izena emateko epea zabalduko dute Getxon. Otsailaren 4an izango da kantaldia, eta egun horretan bertoko hainbat talde arituko dira tradizioa kaleetan erakusteko. Goizean, eskola taldeak arituko dira eta, arrastian, berriz, helduen koruak eta talde mistoak.

Ohi denez, abesbatzek Agate Deunaren omenezko kantak abestuko dituzte udalerri osoan. Eskoletako taldeen kasuan, eskola-ordutegian jardungo dira, eta ikastetxeek eurek zein guraso-elkarteek eman ahal izango dute izena. Horretarako, gutxienez 15 kide bildu beharko dira, eta koru guztiek dieta jasoko dute parte hartzeagatik.

Bestalde, helduen eta mistoen taldeak gune bitan arituko dira (Romo-Areeta eta Andra Mari-Algorta) 18:00etatik aurrera. Gainera, 20:00etan, abesbatza guztiek batera abestuko dute Algortako Telletxe eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazetan. Eskoletako taldeen kasuan bezala, ezinbesteko baldintza izango da talde bakoitzeko gutxienez 15 pertsona biltzea, eta parte hartzeko dietak emango zaizkie izena ematen duten koruei.

Parte hartzeko eskabideak Getxoko Administrazioko Bulego Elektronikoan (https://eudala.getxo.eus/) aurkeztu ahal izango dira urtarrilaren 27ra arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun