Benta eraikineko beheko solairua kudeatuko du beste urte biz Bentaranoa Elkarteak

Erredakzioa 2025ko urt. 16a, 09:45

Bentaranoa Elkarteko kideak, Mostajo zinegotziagaz. © GETXOKO UDALA

Beste urte biz kudeatuko du Bentaranoa Elkarteak Benta eraikineko beheko solairua, bertan interes orokorreko jarduerak egiteko. Hala jakinarazi du Getxoko Udalak, gogoratuta hitzarmena 2023an sinatu zutela, zeinaren bidez Udalak lokal horren erabilera eta ekipamendua zuzenean eta doan lagatzen zizkion elkarte horri.

Lehen bi urteetan, 2023 eta. 2024an, Artearen eta Kulturaren hedapenaren arloan programatu dituzte ekintzak: 5 erakusketa, 3 liburu-aurkezpen, 3 kontzertu eta errezitaldi eta 2 zinema- eta dokumental-emanaldi. Gunea honako hauetarako ere erabili da: txalaparta eta yoga tailerrak, kontsumoari buruzko eztabaidak eta migrazioari eta integrazio kulturalari buruzko hitzaldiak. 

Benta, halaber, inguruko herritarrek hainbat jai gozatzeko gune izan da: Inauteriak, San Isidro, Gau Beltza, Olentzero edo Itxas Argiaren 60. urteurrena; baita haurrentzako light painting (argiagaz margotzea) tailerrak antolatzeko, haurrentzako programak euskaraz garatzeko eta magia saioak egiteko ere. Euskararen eta Genero Ikuspegiaren sustapenari dagokionez, belaunaldien arteko hitzaldiak eta dokumentalak antolatu dituzte, ikuspegi soziala kontuan hartuta. Giza Eskubideak, Globalizazioa eta Ingurumen Jasangarritasuna izan dira lokalean antolatutako beste hitzaldi batzuen gaiak.

Amaia Agirre alkateak gogoratu duenez, “balio anitzeko espazioa da, integratzailea eta belaunaldien artekoa, ezagutza partekatzen da eta esperientziak trukatzen dira, euskararen erabileran eta sustapenean arreta berezia jarriz”.

Bestalde, Herritarren Partaidetzako zinegotziak, Gorka Mostajok, arreta jarri du “lokalaren eta bere jardueren ardura hartu duten boluntarioen lanean eta dedikazioan; hori nabarmendu behar da gero eta banakoagoa den mundu batean, non joera baita besteei denbora gutxiago eskaintzea”.

Datozen bi urteei begira, Bentaranoa Elkartearen helburua da xedeen araberako programazio-ildoak bultzatzea, gazteakaz, genero-ikuspegiagaz eta euskararen sustapenagaz lotutako kolektiboei zuzenduta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun