“Erromintxela. Senderos y raíces” dokumentala proiektatuko dute barikuan Muxikebarrin

Erredakzioa 2025ko urt. 22a, 11:13

Erromintxela. Senderos y raíces dokumentalaren proiekzioa izango da barikuan, urtarrilak 24, Muxikebarri Antzokian. Ainhoa Zamanillo eta Marta Las Heras sortzaileek Eman Minutu 1 HITZen Alde Lehiaketaren XIII. edizioa (hizkuntza eskubideei buruzkoa) irabazi ondoren egin zuten lana. Proiekziora joan gura duenak izena eman beharko du aldez aurretik, doan.

Dokumentala ijito herriaren bidaian murgiltzen da, Otomandar Inperioaren zabalkundearen aurrean Ekialdeko Europa utzi eta inguruetan sakabanatu baitzen herri hura, XIV. mendean. Kontinente osoan sakabanatzen hasi zen, eta, besteak beste, XV. mendean iritsi zen Euskal Herrira. Bere egonaldian, komunitate horrek euskararen eta erromaniaren baldintza lexiko-gramatikaletara egokitu zen eta, horren ondorioz, erromintxela sortu zen, herri bien arteko aberastasun kulturala islatzen duen mintzaira. Bilakaera horri esker, ijito-erromintxelek nortasun paregabea garatu dute, egokitzeko eta erresistentziarako gaitasun nabarmen sinbolizatzen duena. Hala ere, zoritxarrez ez da gaur egun erromintxelako hiztunen ia arrastorik geratzen. 

“Eman minutu 1 lehiaketak eraldaketa soziala bultzatzeko duen eragina nabarmendu nahi dugu. Lehiaketa horren bidez, giza eskubideen inguruan kontzientzia sortzeko gaitasunagatik nabarmentzen diren proiektuei, esate baterako 'Erromintxela. Senderos y raices' izeneko dokumentalaren kasuari ikusgarritasuna emateko plataforma bat eskaintzen da. Ildo horretan, garrantzitsua da inspiratzen eta eraldatzen dituzten istorioak ikusarazteko lan egiten duten sortzaileei laguntzea”, nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Proiekziora joan gura duenak aldez aurretik eman beharko du izena, doan. Dokumentala 19:00etan proiektatuko dute, eta Ainhoa Zamanillo zuzendariagaz solasaldia izango da. Gainera,  Eman Minutu 1 - BAKEA bakerako giza eskubideari eta bake kulturari buruzko lehiaketaren edizio berria aurkeztuko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun