Berdintasun Sailak zehaztu duenez, Getxoko hainbat esparrutako 50 bat emakumek osatutako talde eragile bategaz egindako partaidetza-prozesua "luzea eta aberatsa" izan da, eta helburua da emakume guztien topaleku eta erreferentziazko gune feminista izatea.
Prozesuan parte hartu duen eragileetako bat izan da Bilgune Feminista, eta, horren iritziz, "bazen garaia" etxea irekitzeko. Izan ere, deitoratu du irekiera asko atzeratu egin dela, eta bidea "luzea" izan dela, baita "oztopoz" beterikoa ere. Hala ere, aurrera begira jarri eta iragarri du oraingo lehentasunak direla gunea "habitatu, erabili, berotu, koloreztatu, askatu, gozatu eta zaintzea", eta horretan jarriko direla eragile feminista horretako kideak, "harrokeriarik gabe, feminismotik, euskaratik, ezkerretik, klasismorik eta zapalketarik gabe, apal eta zintzo, inurri eta armiarma lanetan jarraituko dugu".
Udal-iturriek azaldu dutenez, 2017an egindako hausnarketa bati jarraituta heldu zioten emakumeen etxea sortzeko prozesuari. Horren oinarriak "definitzeko" asmoz, udalerriko emakumeen elkarlana sustatu gura izan zuen Berdintasun Sailak eta, ildo horretan, talde eragilea osatu zuten 2022an. Horrek hainbat tailer egin zituen, azpiegitura berriak izan beharko lituzkeen balioei eta printzipioei buruz hausnartzeko, besteak beste.
Handik urte bira, 2024an, emakumeen etxeari GUrari Etxea izena jarri eta logoa aukeratu zuten. Orain, ateak irekiko ditu, gaur.