Areetako Kale Nagusia erdi oinezkoentzat egitea amaitzeko eta Maximo Agirre kalean bulebar berde bat sortzeko lanak hasi dira

Erredakzioa 2025ko urt. 24a, 12:14

Kale Nagusia erdi oinezkoentzat bihurtzeko 2. faseko obrak hasi ditu Udalak, bai eta Maximo Agirre kalean bulebar berde bat sortzekoak ere, biak Areetan. Beharrok Eduardo Coste kalean Getxo eta Bilbo bizikletaz lotzeko laster zabalduko den bidegorriko lanei gehitu zaizkie. Izan ere, ekonomia suspertzeko Europako NextGenerationEU funtsetatik jasotako 3.053.640 euroen bidez finantzatutako hiru obrekin, Getxok aurrera egingo du mugikortasun jasangarria sustatzeko eta oinez eta bizikletaz egindako joan-etorriak sustatzeko.

“Jarduketa hauek mugikortasun jasangarriarekin eta hiri ingurune gizatiarrago, seguruago eta irisgarriago bat sortzearekin dugun konpromisoa erakusten dute. Funtsezko urratsak dira pertsonak, espazio publikoaren kalitatea eta ingurumenarekiko errespetua lehenesten dituen hiri-eredua izateko. Lan hauekin, Eduardo Coste kalean ia bukatuta dagoen bidegorriarekin batera (laster lotuko du Getxo Bilborekin), Areetan oinezkoentzako eta txirrindularientzako lekua berreskuratzen jarraitzen dugu, klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera eginda. Hemen bizi garenoi mesede egiteaz gain, jarduketa hauek Getxo erreferente gisa kokatzen dute klima-aldaketaren aurkako borrokan eta hiri-eredu jasangarriago baterako trantsizioan”, Getxoko alkate Amaia Agirrek nabarmendu duenez.

Bestalde, Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Janire Ociok adierazi duenez, “abiatzen diren bi obrek irisgarritasuna eta ibilgailuak eta oinezkoak batera egoteko plataforma bakarra errazten dituzte, baina azken horiek, oinezkoak, lehenesten dituzte argi eta garbi; trafikoa baretzen dute bi eremuetan, eta horrek segurtasuna ematen die oinezkoei; bidegorrien sarea zabaltzen dute; hiriko ingurumenaren kalitatea hobetzearen eta garraiobide jasangarrien alde egiten dute, eta, gainera, aurrera egiten dute Emisio Txikiko Eremuaren konfigurazioan eta deskarbonizazioan”.

Obrek dirauten bitartean, Nagusia eta Maximo Agirre kaleetan informazio-modulu bi izango dira (bigarren kalekoa laster ipiniko da). Horietan, auzokideek gura dituzten kontsultak egin ahal izango dituzte: trafikoaren eraginak, proiektuaren xehetasunak…, goizez eta arratsaldez.

Kale Nagusia

Obra Areetako Etorbidea-Bizkaia Zubia plazatik Santa Ana kalearekiko elkarguneraino doan zatian egingo da, eta Santa Ana kalea eta Areetako Xake plazaren artean 1go fasean egindako lanen jarraipena izango da, inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko eta bidegorriaren jarraipena errazteko.

Horrela, oinezkoentzako lehentasunezko eremu hori osatuko da, eta kalea erdi oinezkoentzat bihurtzeko lehen fasean ez bezala, bigarren faseko tarte horretan ibilgailuz zirkulatu ahal izango da, plataforma bakarrean.

Lanek bost hilabeteko iraupena izango dute, eta esleipen-aurrekontua 978.033 eurokoa izango da, % 90ean Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatuta.

Proiektuak lineako aparkaleku bat izango du ezkerreko ertzean, eta bateriako aparkaleku bat eskuineko ertzean, kalearen hasieran, taxi-geltokiaz eta bere lineako aparkalekuaz gain. 7 aparkaleku galduko diren arren (54tik 47ra murriztuko dira), horiek Eduardo Costen irabaziko direnakaz konpentsatuko direla nabarmendu dute udal-iturriek. Eremu osoan aparkaleku-plaza bat irabaziko da, beraz.

Trafikoari eragitea

Obrak direla eta, ibilgailuen zirkulazioa eten egin da Eduardo Coste eta Barria kaleen arteko zatian hilabete eta erdiz, eta, beraz, ibilgailuak Kale Nagusira sartu beharko dira Barriatik barrena. Ildo horretan, autobusak errazago igaro/biratu ahal izateko, kale horretako aparkaleku batzuk kenduko dira, Paulino Mendibil biribilgunearen eta Kale Nagusiaren artean. Era berean, jarduketa-eremuan eta inguruko kaleetan aparkaleku-plaza gehiago okupatuko dira; lanek eragindako baldintzen arabera murriztuko dira aparkalekuak.

Era berean, garajeetarako sarbideak murriztu ahal izango dira, eta, ondorioz, une batzuetan 48 orduz itxita egongo dira. Itxiera horiek dagokien garaian jakinaraziko zaizkie eragindako komunitateei. Bestalde, Maximo Agirre kaleko trafikoaren gaineko eraginak aurrerago jakinaraziko dira.

Maximo Agirreko bulebarra

Obrak hartuko duen eremua da Eduardo Coste kalearekiko elkargunetik Santa Ana ermita dagoen plazaraino, eta ermitatik Ibaigane kaleraino. 1.645.363 euroko lizitazio aurrekontua du, eta 6 hilabete inguruko exekuzio-epea.

Jarduketa horrek jarraipena emango dio daborduko Getxon hasitako beste lan batzuei, erdigunean oinezkoentzat eta txirrindularientzat atseginagoa izango den gune bat sortzeko helburua dutenak, non oinezkoak eta trafiko barea plataforma bakar batean batera existituko diren; izan ere, oinezkoek lehentasuna izango dute, baina ibilgailuek ere zirkulatu ahal izango dute. Jarduketaren barruan sartuko dira aparkaleku-ilara bi egiteko lanak, eta zuhaitzak eta berdeguneak berriz jartzea. Aparkaleku-plaza bakarra galduko da (125etik 124ra murriztuko da).

Eguaztenean hasi zituzten kalean berrurbanizazio-lanak. Hasteko, galtzadaren zabaleraren zati batean lan-eremu bat mugatuko da, drainatze sarea egiteko. Ezkerraldeko aparkalekua okupatuko da, Maximo Agirre eta Jolastokieta artean. Obrek aurrera egin ahala, inguruan trafiko-murrizketak egon daitezke, seinaleztatuta egongo direnak, baina lan-eremuetan garraio publikoaren zirkulazioa eta tarte bakoitzeko pasabideetarako sarbidea mantenduko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun