2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan ekarpenak egiteko aukera zabalduko dute eguenean Getxon

Erredakzioa 2025ko urt. 29a, 12:49

Bihar, eguenean, urtarrilak 30, hasiko da 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasea, eta, bertan, otsailaren 23ra arte, herritarrek ekarpenak egin ahal izango dituzte. "Lagundu Getxo hobetzen" lelopean, Udalak prozesua garatzen jarraituko du, 2017tik kontsolidatua, eta milioi bat euro bideratuko ditu horretara.

Herritarren Partaidetzarako zinegotzia Gorka Mostajok esan duenez, “ziur gaude herritarrek badituztela gure udalerria hobetzen edo getxotarren bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen proposamenak. Udalak prozesu honetan parte hartzera animatzen du, guztion artean Getxo hobea eraiki ahal izateko”.

Otsailaren 5ean, 19:00etan, Benta gunean (Aingeruaren etorbidea 49) informazio-saio bat izango da, prozesuaren berri emateko eta udal aurrekontuaren "kontu garrantzitsu batzuk" ezagutarazteko.

Prozedura

16 urtetik gorako eta udalerrian erroldatutako edonork aurkeztu ahal izango ditu bere ekarpenak. Halaber, Udalaren Erakundeen Erregistroan inskribatutako edozein erakundek ere parte hartu ahal izango du, baita, antolamenduaren arabera, Getxon nortasun juridikoa eta egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra duen edozein elkartek, sindikatu-fundaziok, enpresa-elkartek, elkargo profesionalek, zuzenbide publikoko korporaziok edo bestelako entitatek ere.

Aurreko urteetan bezala, getxoztarrek honelako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte: udal-eskumenekoak; herritar guztien interes orokorrerako direnak; urteko aurrekontu-ekitaldian finantzatu ahal direnak; baliabide tekniko, juridiko, ekonomiko eta giza baliabideei dagokienez bideragarriak direnak; zehatzak, ekonomikoki ebaluagarriak eta ulergarriak direnak; laguntza ekonomikorik, diru-laguntzarik, bekarik, saririk edo langileen kontrataziorik ez dakartenak; beste udal-proiektu batzuen bidez gauzatu ez direnak edo gauzatzen ari ez direnak; egungo esparru juridikoa eta legala errespetatu behar dutenak (ez dute eduki ilegalik izan behar, ez eta difamatzaileak edo diskriminatzaileak izan ere).

Parte hartzeko bideak

Proposamenak egiteko inprimakiak beteta online aurkeztu ahal izango dira, Zeugaz plataformaren bidez.

Ekarpena aurrez aurre egin gura izanez gero, inprimakia paperean bete eta honako lekuetan utzi ahal izango da, kutxetan (Algortako (Torrene kalea) eta Areeta-Romoko (Ogoño kalea) Herritarren Arretarako bulegoetan; Fadura eta Gobelako kiroldegietan; eta Algortako (Villamonte) Kultur Etxean, Romo Kultur Etxean eta San Nikolaseko liburutegian) edota propio jarritako informazio-moduluetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalik egongo direnak, hemen:

  • Fadurako kiroldegian (sarreran), urtarrilak 30.
  • Algortako Geltokia plazan, otsailak 6, 7 eta 8.  
  • Bidezabalgo Osasun Zentroaren plazan, otsailak 10, 11 eta 12.
  • Areetako Geltokia plazan, otsailak 13, 14 eta 15.

Horrez gainera, ohiko postontzietan ere helarazi ahalko dira proposamenak: Areeta, Algorta eta Bidezabal metro-geltokien inguruan eta Bentan (Andra Marin, autobus-geltokiaren ondoan) egongo dira.

Prozesuan zehar, dinamizatzaileak herrian zehar ibiliko dira herritarrak parte hartzera animatzeko. Txaleko serigrafiatuak eramango dituzte, behar bezala identifikatzeko.

Epea amaitutakoan, Udaleko zerbitzu teknikoek herritarrek aurkeztutako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute, eta baldintzak betetzen dituztenak proiektutzat hartuko dira.

Udalak aukeratutako proiektuen behin betiko zerrenda jakinarazi ondoren, bigarren fasean, Getxoko herritarrek lehenetsi egingo dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun