Ume sahararrak udaldian etxean hartzeko Oporrak Bakean ekimenerako izen-ematea zabaldu dute Getxon

Erredakzioa 2025ko urt. 30a, 09:55

Udan etxean ume sahararrak hartzeko Oporrak Bakean ekimen solidarioa martxan da berriro. Getxon,   Sahararen aldeko Atfal elkarteak antolatuta, tokiko Udalagaz elkarlanean, aurtengo leloa izango da "Esperantzari leiho bat. Hartu etxean". Aldi baterako harrera-programa honetan udalerriko egoiliarrek zein bertan lan egiten dutenek parte har dezakete.  Aurtengo izen-ematea aurreratu da eta irekita egongo da datorren martxoaren 15era arte.

Udan, uztailean eta abuztuan, 2015ean jaiotako saharar haurrei Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetako errealitate gordina ahaztu ahal izateko aukera eskaintzen die programak. Helburuak dira adingabe horien oinarrizko beharrizanak asetzea aipatutako hilabeteetan; azterketa mediko orokorra, begietakoa eta hortzetakoa ahalbidetzea; beren bizilekuko klima gogorra pairatzea ekiditea, tenperaturak 55 ºCra iritsi ahal direlako; trukaketa kulturala, eta getxoztarren artean Saharako herriak bizi duen egoeraz sentsibilitatea sortzea.

Ekimen honek hainbat ezaugarri ditu, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, umeak familietan integratzen dira erraz, apurka-apurka haien bizimoduetara ohituta. Gainera, udan zehar zenbait jarduera egiten dituzte, hala nola txangoak, zaldi gainean ibilaldiak, Sahararen Eguna Algortako jaietan eta herri-bazkariren bat. Jarduera horietan Saharako umeek eta beraiek hartzen dituzten familiek parte hartu ahal izaten dute. Aldian behingo topaketak egiten dituzte ere, familiak modu boluntarioan joan daitezen eta elkarteagaz eta gainerako familiakaz iritziak trukatzeko.

Halako ekintzetan, begirale bat dago uneoro, eta, gainera, edozer gauza gertatuz gero familiek berarengana jo dezakete beti. Bestalde, saharar umeei eta harrera-familiei Getxo Kirolakeko txartela ematen zaie harrera hilabeteetan, instalazioak erabili ahal izateko, baldin eta familiak Getxo Kirolakeko bazkide ez badira.

Udalak, besteak beste, honako gastu hauetarako ematen du diru-laguntza: kanpamentuetatik etortzeko eta joateko bidaiarako, txangoetarako eta ekitaldietarako.

Pertsona interesatuek daborduko egin dezakete izen-ematea eta, informazio gehiago behar izanez gero, hurrengoetara jo dezakete: 658 751 359 / atfalgetxo@gmail.com edo Getxoko Udaleko Lankidetza sailean, 94 466 00 17 / lankidetza@getxo.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun