Algortako GauEgun gaztelekua Kantxa Kirol Modako lokal zaharrera lekualdatuko dute, udal-merkatuaren eraikinera

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 31a, 09:47

Kantxa Kirol Modako lokal zaharra. © GOOGLE MAPS

Udal-gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoakaz, eta PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, Algortako udal-merkatuaren administrazio-emakidaren kontratua aldatzea onetsi du osoko bilkurak. Hala, Kantxa Kirol Moda dendaren lokalean Algortako GauEgun gaztelekua jarriko dute, gaur egun Urgull kalean dagoena.

Gobernu-taldeak hau nabarmendu duenez, “erretiroagatik hutsik dagoen espazio berriak abantailak ekarriko ditu, gazteen beharrei erantzuteko pentsatuta eta diseinatuta baitago. Lokala aldatuko da gazteei espazio duinak, erakargarriak, irisgarriak, handiagoak eta diseinu modernoagokoak emateko beharra dagoelako; hainbat jarduera garatu ahal izateko”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek beren “harridura” agertu dute, udal-gobernuaren asmo hori ezagutzen ez dutelako, eta horrek "eztabaida demokratikoa mugatzen" duelako. Ildo horretan, gardentasun gutxi izatea leporatu diote. PPk, bere aldetik, azpimarratu du lokal horretan saltoki bat jarri beharko litzatekeela, udal-merkatuan dago-eta, eta Udalak ahalegina egin behar lukeela "enpresa-transmisioa ona eta egokia izan zedin lehenesteko”. EAJk eta PSE-EEk erabaki horretara iritsi arte emandako pausoen berri eman eta gogoratu dute "beti" defendatuko dutela udal-merkatuaren eta bere merkataritza jardueraren jarraipena, "baina lokala hutsik dagoela eta, azkenean, enpresa ekimen pribatuak ez duela aurrera egin kontuan hartuta, aukera ontzat jo da”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun