Amaia Agirre Getxoko alkateak komunikabideakaz egindako bisitan adierazi duenez, "TikiToki Zentroa Fadurako instalazioak eraldatzeko eta hobetzeko prozesuaren barruan amaitu den lehen ekipamendua da". Horregatik, pozik agertu da kirol-elkarteek aspalditik eskatzen zuten gune berria irekitzeagatik. “Bere aldakortasunari esker, jarduera ugari hartzeko aukera eskainiko digu”, azaldu du.
Agirrek nabarmendu duenez, eraikinaren garrantziaz harago, funtsezkoa da Thinking Fadura prozesuan egindako lankidetza azpimarratzea. “TikiToki Zentroa proiektu pilotu gisa sortu zen, eta bertatik ateratako ikaskuntzak hurrengo berrikuntzetan islatuko dira”, gaineratu du. Etorkizuneko proiektu horien artean daude errugbi zelaiaren eta atletismo pistaren arteko harmailen eraikin berria, baita padel- eta tenis-pista estalien pabiloi berria ere.
Izena eta balioak: dinamismoa, sormena eta jolasa
TikiToki Zentroaren izenak bere filosofiaren isla izan gura du. “TikiToki” izenak kirol-jarduera ulertzeko modu kolaboratibo bati egiten dio erreferentzia, tikitakaren dinamismoari eta kulturaren joko-tradizioei lotuta. Gainera, azaldu dutenez, “toki” euskarazko hitzak lekuaren izaera soziala eta tokiko identitatea azpimarratzen ditu.
Zentro berriak erre zen garagardotegi zaharraren gizarte-espirituari eusten diola nabarmendu dute, izan ere, bertan egiten ziren Getxoko kirol-erakundeen eta beste hainbat gizarte-eragileren bilerak eta ospakizunak. Hori dela eta, hiru ingurune desberdinetan egituratu da:
- Gela itxi handi bat, topaketak eta ekitaldiak egiteko.
- Klimatizatutako areto independente txiki bi, bigarren solairuan kokatutako kirol-metodologien berrikuntzarako zentro bategaz.
- Eremu estali eta estaligabeak dituen gune malgua, jarduera ezberdinetara egokitzeko aukera ematen duena.
Inbertsioa eta epeak
TikiToki Zentroaren eraikuntza bi fasetan garatu da: lehen fasea, 18 hilabete iraun eta 2,2 milioi euroko inbertsioa behar izan du; urbanizazio eta segurtasun hobekuntzak tarteko, 272.000 euro gehigarri erantsi ziren, eta lanek bi hilabeteko luzapena izan zuten; eta bigarren fasean, eraikinaren bigarren solairua eraiki dute, kirol-metodologien berrikuntzarako zentroaren bulegoak hartzeko. Fase honek hiru hilabete iraun du eta 363.000 euroko kostua.