Buruz Buru 2025 pala txapelketako finalak jokatuko dituzte barikuan Algortan

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 13a, 10:17

San Nikolas plazako frontoian jokatuko dituzte partidak.

Bihar, barikuan, otsailak 14, Algortako San Nikolas plazak Buruz Buru 2025 pala txapelketako finalak hartuko ditu, nesken eta mutilen kategorietan. Partidak arrastiko 18:00etan hasiko dira, eta sariak 21:00etan banatuko dituzte. Finala online ikusteko aukera egongo da, hemen.

Arrastiko 18:00etan emango zaie hasiera finalei, nesken 2. mailako partidagaz; horretan, Loreto eta Oihane aurrez aurre arituko dira. Jarraian, 18:45ean, mutilen 2. mailako lehia izango da, Aboitiz eta Orueta palisten artean..

Giroa berotzen joango da, eta 19:30ean, nesken 1go mailako final handia jokatuko da; Maite eta Jou norgehiagokan arituko dira txapela berenganatzeko. Ondoren, 20:15ean, mutilen 1go mailako azken norgehiagoka izango da, Urtiñe eta Seoaneren artean.

Finalen ostean, 21:00etan, sariak banatu eta indarrak berreskuratzeko mokadutxoak jateko aukera egongo da, eta bertaratzeko aukerarik izango ez dutenek txapelketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute Herrietako YouTube kanalean eta aplikazioan.

Guztira, 124 gizon-emakumek parte hartu dute abenduaren 26an abiatutako txapelketan, 33 nesken kategorian –10 lehenengo mailan eta 23 bigarren mailan– eta 91 mutil –40 lehenengo mailan eta 51 bigarren mailan–.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun