Getxo Kulturak antolatu du jaialdia, udalerriko taldeak publikora hurbiltzeko eta ikusarazteko asmoz. "Hiru egunez, Getxoko zentroa herriko musikaren erakusleiho bihurtuko da", nabarmendu dute.
Askotariko musika programazioa eskainiko du, eta genero eta estilo ezberdinez gozatzeko aukera izango da, hala nola pop, rock, rap, soul, funky edo ska.
Emanaldiak 20:00etan hasiko dira otsailaren 21ean eta 22an; lehen egunean, Vittersweet, Txerri Ugerrak eta Skimales arituko dira, eta bigarrenean, Gildas, Mississippi Queen & The Wet Dogs eta Los Brazos.
Otsailaren 23a, berriz, familiei begirako jardunaldia izango da, eta 18:00etan hasiko da; Rock & Kids, German Jauregi eta Akatz taularatuko dira.
Sarrerak eta bonuak Getxo Kulturako ohiko saltokietan eros daitezke.