Getxoko Udaltzaingoak "in fraganti" atxilotu du pertsona bat ustez edukiontzi bat erretzera zihoala

Erredakzioa 2025ko ots. 17a, 09:51

Getxoko Udaltzaingoak 34 urteko gizonezko bat atxilotu du, beste lau edukiontziren ondoan “uharte” batean dagoen paper-edukiontzi bat erretzen saiatzea egotzita.

Udal-iturriek zehaztu dutenez, atxiloketa otsailaren 14an izan zen, gaueko 21:30ean, Algortan. Zerbitzuz kanpo zegoen agente betek ikusi zuen nola ustezko piromanoak pizgailu bategaz paper bat piztu eta edukiontziaren barrura bota zuen. Agenteagaz zihoan beste pertsona batek edukiontzitik atera ahal izan zuen sutan zegoen papera, eta berehala itzali ahal izan zuen sutea.

Bitartean, Getxoko udaltzaina ustezko egilearen atzetik segika hasi zen, Koordinazio Gunera abisua ematen zion bitartean. Bi patruila bertaratu ziren berehala eta atxilotu zuten gizonezkoa, kalte-delitu bat egotzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun