Proiektuaren aurkezpenean, Amaia Agirre alkateak azaldu duenez, ludoteka berria beste haur batzuekaz taldean elkartzeko eta euskaraz jolasteko gunea izango da, betiere hezitzaileakaz batera. Horiek jarduera ludikoak, jolasak eta abar proposatuko dizkiete, "helburu nagusia aisialdiko jardueren bidez euskararen erabilera sustatzea delako", hizkuntza modu dibertigarrian eta eskola-ingurunetik kanpo garatzen lagunduz. “Normalizazioaren alde lanean jarraitzen dugu, euskara ohiko hizkuntza bihur dadin, gure eguneroko bizitzan eta espazio publiko guztietan presentzia bermatuz, gure programan eta Legegintzaldi-planean agertzen den bezala. Talde politikoen arteko akordioak elkarrizketaren eta lankidetzaren apustua bermatzen du; herritarrekiko konpromisoa da baita beren bizi-kalitatea hobetzeko jarduerekiko ere”.
Bestalde, Carmen Diaz bozeramale sozialistaren hitzetan, “berri ona da pertsona guztientzat zainketa-hiri bat eraikitzen jarraitu ahal izatea, lagunkoia gure familiekin eta haurtzaroarekin. Ludoteka berri honetan aisialdi hezitzailea eskainiko da, haur hezkuntzako profesionalekin, giro abegikor, berritzaile eta sortzailean. Basoan oinarrituta egongo da, ingurumena ere bultzatuko duten jarduerak sortzeko. Gainera, ludoteka honek familien kontziliazioa sustatzea ere ahalbideratuko du”.
Azkenik, Eduardo Andrade, PPko bozeramaleak esan du 2024ko aurrekontu-akordioari balioa eman gura diotela, Algorta auzoan hainbeste itxarondako ludoteka sortzea barruan duen akordioa, hain zuzen ere. “Berriro esan behar dugu, gure ustez, udal-politika gure familien kalitatea hobetzera bideratu behar dela, eta, horregatik, banantzen gaituen horretatik urrundu behar dugula, ahal den neurrian, eta batzen gaituena bilatu, Getxoren mesedetan. 2024. eta 2025. urteetan, aurrekontuak adostu ditugu PNVrekin eta PSErekin. Ideiez, baliabide ekonomikoz eta konpromiso politikoz hornitu ditugu. Espero dezagun ludoteka honen obren hasiera gaur ikusten dugun bezala, laster gainerako konpromisoen hasiera aurkeztu ahal izatea”.
Gunearen ezaugarriak
Proposamenak aurkezteko epea datorren otsailaren 26ra arte egongo da zabalik. Egin beharreko obrak 262,81 metro koadroko azaleran egingo dira, 516.527 euroko aurrekontuagaz (gehi BEZa) eta 6 hilabeteko egikaritze-epeagaz. Padre Felix de la Virgen kaleko 2B eta 4 zenbakietan kokatuko den ludoteka berria –Gure Leku gimnasioa izan zena–, energiaren ikuspegitik, lokal eraginkorra izango da, eta ia ez du kontsumorik izango, eta lurzoru erradiatzaile bidezko berokuntza-sistema erabiliko du, aerotermiaren bidez. Gainera, gune inklusiboa izango da, desgaitasuna duten pertsonei egokitua.
Hartzaile nagusiak 5 eta 11 urte bitarteko haurrak izango dira, eta zerbitzuaren helburua aisialdirako jarduerak egiteko aukera eskaintzea izango da, aisialdi hezitzailea euskaraz bultzatuz, betiere euskararen erabilera adingabe bakoitzaren egoerara egokituz.
Basoa Ludotekak familiei ere eskaini gura die gune bat, betiere euskararen erabileran, hezkuntzan edo adin txikikoen aisialdian aholku eman ahal izateko.
Zerbitzuaren gaia edo haria basoa izango da, eta horregatik proposatu dute Basoa Ludoteka izena. Elementu horrekiko eta ingurumenarekiko keinua, balio erantsi gisa, non inguruko ingurune naturala eta euskal mitologia zaintzearen garrantzia ere presente egongo diren. Ingurumenak duen garrantziaz, haren onurez eta ekarpenez haurrak kontzientziatzeko balio izango duela nabarmendu dute, eta, aldi berean, ingurune atsegina eta abegikorra sortuz.
Lokalean hainbat gune eta giro izango dira, eta sarrera bi izango ditu. Itxaron gune bat zeharkatu ondoren, baso baten itxura duen joko askerako aretoan sartu ahal izango da. Bertan, jarduerak eremuak eta zirkulazioa ordenatzen dituzten zuhaitz biren azpian egingo dituzte haurrek. Ondoan kontrol-mostradore bat eta harmaila gisako muino bat izango dituzte, ikuskizunetarako, ipuin-kontalarietarako...
Gainerako guneetan giro desberdinak antolatuko dira, hala nola arroparako tokia, ordenagailuen gunea (Pantailak euskaraz txokoa), uragaz jarduerak egiteko gunea, arbeldun paretak, eta beharren arabera antolatuko den lekua. Etxeko sukaldea, adin desberdinetarako komun egokituak eta beste irisgarri bat ere egongo dira. Erabilera anitzeko beste areto bat ere egongo da, beste jarduera batzuetarako, baita beste adin batzuetarako ere.