Getxoko eskola-bideen ibilbideak ezagutarazteko Eskolak Tipi-tapa ekimena abiatuko dute martxoan

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 21a, 09:42

Umeak eskolara bidean. © GETXOKO UDALA

Getxoko ikastetxeek Eskolak Tipi-tapa izeneko esperientziak jarriko dituzte martxan martxoan. Ekimena Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleentzako jarduera ahalduntzailea da, eta Eskola Bideak proiektuaren barruan dago kokatuta. Horren helburua da haurrek udalerriko eskola-bideen ibilbideak ezagutu eta modu autonomo eta seguruan egitera animatzea, mugikortasun osasungarri eta jasangarriaren alde eginez.

Ikastetxe bakoitzak egun jakin bat izango du bere ikasleek esperientzia horretan parte har dezaten. “Horrela, oraindik ekimen hau ezagutzen ez duten familiek ekimenarekin bat egin ahal izango dute eta euren seme-alabek klasera modu seguruan joateko diseinatutako ibilbideak ezagutu ahal izango dituzte. Era berean, eskolara oinez doazenek ikaskide berriei lagunduko diete beren esperientziak kontatuz, beren ibilbideak erakutsiz edo elkar ezagutuz. Halaber, gainerako herritarrei erakutsiko zaie ikastetxeek mugikortasun osasungarri eta jasangarriaren aldeko apustua egiten dutela”, adierazi du Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi arduraduna den Iñigo Urkitzak.

Ibilbideetan zehar, ikasleek, boluntarioakaz batera, horiek erabiltzeko ohitura hartu ahal izango dute, eta, horrela, bizi-ohitura osasungarri hori indartu ahal izango dute.

Izena emateko, ikasleek ikasgelan emango dieten inprimakia bete beharko dute, eta Ingurumen Zerbitzuak guraso guztiak animatu gura ditu ekimen hori babestera, "aukera bikaina baita haurrek modu dibertigarri eta desberdin batean ikas dezaten”, aipatu du Urkitzak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun