Edukiontzietan sutea goiz detektatzeko eta automatikoki itzaltzeko proiektu pilotua abiatu dute Getxon

Erredakzioa 2025ko ots. 27a, 13:15

Hiri hondakin solidoen edukiontzietan suteak goiz detektatzeko eta automatikoki itzaltzeko proiektu pilotu bat egingo du Getxoko Udalak. Helburua da ekintza bandalikoak prebenitzea eta modu eraginkorrean heltzea administrazioarentzat kostu handia dakarren edukiontzietan nahita piztutako suteen problematikari, eta, aldi berean, edozein gertakariren aurrean erantzun azkarra bermatzea.

Ehun bat edukiontzitan teknologia berritzailea duen sistema aurreratu bat ezarriko dute. Hala, detekzio goiztiarreko sentsoreak instalatuko dituzte horietan, suaren presentzia eta tenperaturaren igoera anormala identifikatzeko diseinatuak. Sentsore horiek LoRaWAN sarera konektatuta egongo dira, irismen luzeko eta energia kontsumo txikiko hari gabeko komunikazio sistema bat, alertak denbora errealean bidaltzeko aukera ematen duena. Itelazpigaz egindako akordioari esker, teknologia horrek gailuen konektibitate eraginkorra bermatuko du, eta larrialdi zerbitzuei berehala jarduteko eta kalteak minimizatzeko aukera emango die.

Bestalde, edukiontzien barruan sua automatikoki itzaltzeko gailuak jarriko dituzte, sua berehala itzaltzeko eta zabaltzea saihesteko. Sentsore berritzaileen eta erantzun automatikoaren konbinazio horrek, suteen inpaktu ekonomikoa murrizten laguntzeaz gain, "disuasio elementu bat ere izango da ekintza bandaliko horiek eragiten saiatzen direnentzat", iturrien arabera.

“Ekimen honekin, Getxok segurtasunarekin, berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, teknologiarik aurreratuena erabiliz gure auzotarren segurtasuna hobetzeko eta hiri altzarien babesa bermatzeko. Gobernuak neurri eraginkorren eta berrikuntzan eta baliabide publikoen kudeaketa arduratsuan oinarritutako irtenbide erreal eta kontrastatuen aldeko apustua egiten du”, adierazi du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Probatik bide publikoan inplementatzeko fasera

Sistema berritzaile hori arrakastaz probatu da aste honetan bertan ingurune kontrolatu batean, Larrañazubiko ingurumen-gunean, Babes Zibilagaz, suhiltzaileakaz eta Udaltzaingoagaz lankidetzan, eta oso emaitza positiboak lortu dira. Alde horretatik, Gobernu Irekiko eta Modernizazioko zinegotzi Zaloa Campillok adierazi duenez, “proiektu hau Azpiegituren, Obren eta Zerbitzuen Arloaren eta Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren Arloaren koordinazioaren emaitza da, eta teknologia azpiegituren zerbitzura jartzen den beste adibide bat da”.

Hurrengo urratsa esperientzia hori bide publikora eramatea izango da, udalerriko hainbat gune estrategikotan fase pilotu bat eginez. Prozesu horretan, sistemaren eraginkortasuna ebaluatuko da, eta behar diren doikuntzak egingo dituzte, eskala handiagoan inplementatu aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!