Getxoko Udalak bat egingo du Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformagaz

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 28a, 10:32

Getxoko Udalbatzak onartu egin du EH Bilduk abiatutako eta gobernu-taldeak (EAJ-PSE) transakzionatutako mozio bat, Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformagaz bat egiteko konpromisoa hartzeko. Bozketa atzo egin zuten, ohiko osoko bilkuran. Hala, orain arte bezala, Udalak soberako janaria berrerabiltzeko Oreka ekimena sustatuko du, Getxoko hirugarren sektoreko entitateakaz, eta Getxoko ikastetxeetan izaten diren janari-soberakinei buruzko azterketa egingo du, Rexcatering ekimena aplikatu daitekeen argitzeko. Azaldu dutenez, helburua da Udalak Plataformagaz bat egitea eta GJHak betetzeko proiektuetan laguntzea.

 

Halaber, atzoko bilkuran, Udalbatzak ontzat eman zuen PPren mozio bat aztertzeko eskualdeko baserrietako produktuen azoka egiteko aukera, erabakitzen den frekuentziagaz eta egokientzat jotzen den lekuan. Udal-gobernua abstenitu egin da, eta gogoratu du ordenantza berria prestatzen ari direla, testu bakar batean biltzeko kaleko salmentaren gaineko arau guztiak. "Horri esker udalerrian arlo horretako araudia eguneratuko da eta horren bitartez egungo zein etorkizuneko beharrizanei aurre egin ahal izango diegu", azaldu dute arduradunek; izan ere, ordenantzaren kapitulu batean barazkien eta fruten aldizkako azoka bateko salmenta arautuko dute.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) sorreraren 49. Urteurrena

Era berean, SEAD sortu zeneko urteurrena dela eta, mozio bat onartu zuten, honako hau berresten duena: “Fronte Polisarioa saharar herriaren ordezkari legitimo eta bakarra da, eta NBEk eta nazioarteko komunitateak hala aitortzen dute”. Halaber, honako hau salatu dute: “Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa da eta nazioarteko arauak urratzen dituen okupazioa da”. Eta “Saharako preso politiko guztiak berehala askatzea” exijitu dute, besteak beste.

Mozioa EH Bildutik abiatu zen, EAJk transakzionatu zuen eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoa ere izan zuen. PP abstenitu egin zen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun