EITB Kulturaren eta Punta Begoña Fundazioaren arteko lankidetza horri esker, sentsibilitatez betetako piezak kaleratu ahal izan dira eta, telebista publikoaren eta sare sozialen bidez, euskal musikaren sorkuntzarik berrienak helarazten dituzte, hainbat estilo erakutsiz, hala nola rap, musika elektronikoa, poesia, rocka edo opera. Galerietako agertokiak, hortaz, garrantzi nabarmena du klipen tratamenduan; izan ere, artista parte-hartzaile batzuek azpimarratzen dutenez, esate baterako Amaia Mirandak, “tokiek abestiak aldatzen dituzte eta batzuetan musikari bat gehiago dira”.
Eta obraren bilakaerak horretarako aukera eman duen neurrian, Begoñako galerietan emanaldiak, grabazioak, diskoen aurkezpenak edo musika-programen filmaketak egin dira. Hala, RTVEk galeriak aukeratu zituen “Un país para escucharlo” programa ezaguna grabatzeko, Ariel Rot musikariak gidatua. Iparraldeari eskainitako atalean, Shinova taldearen emanaldia hartu zuen, urtebete geroago jaialdi ospetsuenetako kartelen buru izan dena. “Si no es contigo” bere abestiaren bideoklipak Punta Begoñako aisialdirako galeriaren handitasuna eta itsasoaren gaineko ikuspegi ikusgarriak biltzen ditu.
Music Legends jaialdia ere izan da bertan; izan ere, jaialdiak erabaki zuen Bizkaiko leku enblematikoetara eramatea bere musika, eta Sestaoko Labe Garaia eta Galeriak aukeratu zituen horretarako. McEnroeren kontzerturako aforoa, udako ilunabarrean, minutu gutxitan bete zen. Bitartean, Ondarearen Europako Jardunaldietan, Galeriek zuzeneko musikari ireki zizkioten ateak eta zuzenean, irratiz eta sareen bidez eskaini ziren Xabi Aburruzaga trikitilariaren eskutik Kepa Junkerari egindako omenaldi zirraragarria, Tontxu Ipiñaren edo Malu Garayren emanaldiak, Biotz Alai Abesbatzaren katedral soinua, Feileren musika zelta, edo Iñaki Basabe eta Iryna Aleksichuz Ukrainako Musika Akademia Nazionaleko izarraren arteko “Txoriak txori” duetoa. Bestalde, Manuel Castillo musikari andaluziarrak, TOUR MUSIC FEST 2024ko finalistak, Punta Begoñan grabatutako "Silencio" abestiaren bideoklip berria aurkeztuko du martxoaren 11n.
“Begoña galerietako eremuaren edertasuna, baina baita grabaziorako bere tokien sonoritatea ere, balio handikoak dira artista eta ekoizleentzat. EITB Kulturarekiko lankidetzak bat egiten du hedabide, plataforma, zinema-ekoizle, telesail, jaialdi eta abarren proposamen gero eta handiagoarekin, beren ikus-entzunezko proiektuak kokatzeko Galeriek osatzen duten inguru paregabean”, adierazi du Punta Begoña Fundazioko presidente den Ignacio Uriartek.
Euskal mendizaletasunaren historia biziak hitzordua du Begoñako galerietan
Baina, musikaz gain, historiaz betetzen da eremua. Hori dela eta, aurten, Getxoko Etorkizuna Mendi Taldeak, 400 kide baino gehiago duela, bere 50. urteurrena ospatzeko, enklabe honetan programatuko ditu antolatu duen egitarau trinkoko hainbat jarduera ere.
Martxoaren 6tik 23ra, EMMOA Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) prestatutako “Mendian Gora” erakusketa egingo da. Erakusketak "euskal mendizaletasunaren historiako gertaera garrantzitsuenak biltzen ditu, sorreratik gaur arte". Erakusketaren inaugurazioa Antxon Iturriza idazleak eta EMMOAko idazkariak egingo du, martxoaren 6an, 18:00etan, eta zabalik egongo da eguenetik zapatura, 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara.
Martxoaren 13an, 19:00etan, "Emakumea eta mendia" mahai-ingurua egingo da eta bertan izango dira: Ohiana Azkorbebeitia korrikalaria, Luisa Alonso Cires Pyrenaica aldizkariko lehen emakume zuzendaria, Sonia Casas goi-mendiko lehen emakume gidaria eta Isabel Garcia alpinista (zortzimilakoak igo dituena). Emakume horien lehia-, prestakuntza- eta dibulgazio-ibilbideak eztabaida aberatsa aurreikusten du, EMMOAren erakusketaren barruan kokatua.
Eta, maiatzean, hilaren 22tik 25era, Santiago Yánizen “Foto y Montaña” erakusketa izango da, paisaia-argazkigintzaren arloko egilerik ezagunenetakoa; izan ere, National Geographic-en argitalpenak ditu eta “Parajes inolvidables, excursiones de foto” bere liburua Espainiako paisaiari buruzko 10 argazki-libururik onenen zerrendan agertzen da (fotografodigital.com).
Etorkizuna Mendi Taldeak programatutako jarduerek Punta Begoñaren programazioa aberasten dute, eta zaharberritze-prozesuan zehar haren dimentsio sozialean laguntzen dute.
Ricardo Bastida arkitekto handiak Getxoko monumentu esanguratsu hau diseinatu zuen, Horacio Echevarrietaren enkarguz, “enklabe ezin pribilegiatuagoaren barruan kontenplaziorako espazioa sortzeko” (José Ramón Foraster, arkitektoa). “Galeriek eskaintzen dituzten badiako eta itsasoko enkoadraketa bikain horiek” gune paregabea bihurtzen dute erakusketarako, gozamenerako eta kulturarako.