"Telebistan ikustea gogorra da, baina bertan zaudenean barruak benetan estutzen zaizkizu"

Olentzero Munduan 2025ko mar. 7a, 10:09

© OLENTZERO MUNDUAN

Olentzero Munduan Paiportan (Valentzia) izan zen urte hasieran, aurreko urriaren 29ko tanta hotzak utzitako hondamendiaren erdian. Honela kontatu du bertan bizitakoa.

Urte honen hasieran, Valentziarako bidea hartu genuen; Paiportarako bidea, hain zuzen ere.

Nire zorroan hainbat opari, gutun eta ilusio neramatzan.

Gabonetan egin genuen bilketa guztia eta, horretarako, benetako galtzagorrien laguntza izan nuen.

Antolakuntzan hainbat elkarte geunden murgilduta dena ondo irten zedin. Eskubeltz Eskaut Taldeak izandako ekimenari, beste hainbat elkarte eta talde gehitu zitzaizkion. Getxoko Udalaren eskutik, San Nikolas Zabalik, Egizu, Pertsonalde, Sortarazi eta SolidaridUPek hartu zuten parte. Arrigorriagan, Kilimusi Eskaut Taldeak ere egin zuen bere ekarpena.

Ezin ahaztu Getxo eta Arrigorriagako auzokideen eskuzabaltasuna opari eta jostailuak emanez.

Bi furgonetak opariz gainezka genituela iritsi ginen Paiportara, Guille, Odei, Aner eta laurok.

Opari batzuk, bertan lanean zebiltzan boluntarioek zuzenean biltegira eraman zituzten Errege Magoen Kabalgatan banatzeko eta beste opari asko guk banatu genituen.

Herriko plaza erdian geratu eta furgonetako ateak ireki bezain pronto jendea gerturatzen hasi zitzaigun. Familiek haurrentzako opariak jasotzen zituzten bitartean, bizi izandako istorioak kontatzen zizkiguten.

Beraien bizipen latzak kontatzeko beharra, guk generamatzan gauzak jasotzea bezain garrantzitsua zela sentitu genuen.

Hurrengo egunetan, Olentzero Munduan, etxez etxe aritu zen opari eta gutunak banatzen.

Eraikin haietariko asko hutsik zeuden, hormak hautsita zituzten. Aurretik harrapatutako guztia eraman zuen urak, ezer utzi gabe.

Telebistan ikustea gogorra da, baina bertan zaudenean barruak benetan estutzen zaizkizu.

Beste  opari guztien artean, Ane izeneko getxoztar neskato batek, Paiportako 10 urteko Juliori idatzitako gutuna eta oparia neramatzan.

Pasa den udan elkar ezagutu zuten Valentziako igerileku batean. ”Oso lagunak egin ginen eta helbideak partekatu genituen kontaktuan jarraitzeko”, esan zidan Anek, oparia eta eskutitza eman zizkidanean. Bazekien oraingoan gutuna bere helmugara iritsiko zela. Beste saiakeretan beti bueltatuak izan baitziren, helbide hartan inor ez zegoela esanez.

Aurkitu nuen Anek emandako helbidea, baina han ez zegoen inor. Lokatza eta uraren marka testigantzak besterik ez.

Auzokideei esker jakin nuen Julio eta bere familia etxeko teilatura igota salbatu zirela eta aiton amonen etxean zeudela denak zorionez.

Julioren anaia txikia, Karlos, Errege Magoek bere betiko etxean ez zutela aurkituko eta arduratuta zegoen.

Beraien etxea desagertuta eta Gabonetako zuhaitzik gabe, ez zeukaten zapatak non utzi. Juliok, zutik zirauen horma batean gutun bat utzi zuen itsatsita:

“Kaixo, Julio naiz:

Duela gutxi euri asko bota zuen. Ibaiak gainezka egin zuen eta urak gure herriko gauza asko eraman zituen aurretik; dena eraman zuen. Herri batean dagoen guztia eraman zuen. Dena! Argia bera ere eraman zuen!

Gure logelan...armairura iritsi zen ura eta nire anaia txikiaren litera ere igaro zuen. Gure jostailuak, arropa eta koadernoak eraman zituen. Dena lokatzez beteta utzi zuen. Nire eskola ere urperatuta geratu zen.

Errege Magoak, hemendik pasatzen bazarete, zapatak uzteko zuhaitzik ere ez daukagula ikusiko duzue. Horregatik, Karlos, nire anaia txikiaren zapatila gorriak, ibai erdian dagoen zuhaitz erraldoiaren ondoan utzi ditut. Herrian, Erresistentziaren zuhaitza esaten diogu; Gertatutakoaren ondoren tinko iraun duen zuhaitz bakarra delako.

Gauzatxo bat!! Zapatila gorrien barruan zuentzako opari bat dago.

Eskerrik asko. Julio eta Karlos.”

Mezu honek benetan hunkitu ninduen eta zuzenean Paiportako errestintziaren sinbolo bilakatutako zuhaitz hartara gerturatu nintzen. Han zegoen, bai, Eukalipto itzela. Eta azpian... Karlosen zapatila gorri txikitxoak.

Irudi itxaropentsu hark zeharo txunditu ninduen eta Getxotik eramandako oparia eta gutuna Karlosen zapatilatxoen gainean utzi nituen.

Julio eta Karlos, erresistentziaren eta ilusioaren ikur bilakatu dira, zuhaitz erraldoi hura bezalaxe.

Edozein gauza gertatuta ere, badago gizakien barruan zerbait, denok zuhaitza bereko sustraietara lotzen gaituena.

Hori da Paiportan gertatu dena. Herriaren lotura ura baino indartsuagoa izan dela. Herriak herria salbatzen du.

Beste behin ere, Olentzero Munduan hamalau urte mundutik bueltaka diharduen proiektu honek, gizakiaren eta naturaren alde latzenak zein ederrenak erakutsi dizkit.

Esker anitz guztioi, Julio, Karlos eta beraien gurasoei eta Paiportako auzokideei. Boluntario guztiei, zentzu guztietan gu eta besteak elikatzeagatik. Eskerrak baita ere, Paiportako umeentzako gutunak idazten beraien sentiberatasuna erakutsi duten getxoztar haurrei eta eramateko opariak eman zizkiguten pertsona guztiei.

Guille, Odei eta Aner kamaradak zuek egin duzue posible guzti hau. Eskerrik asko bihotz bihotzez!  

Olentzero Munduan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun