Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak aldarrikatu dituzte Algortan

Iker Rincon Moreno 2025ko mar. 9a, 16:35

Martxoaren 8a borrokarako eguna dela azpimarratu zuten atzo, zapatuan, Algortan mobilizatu ziren ehunka lagunek, tokiko mugimendu feministaren deialdiari erantzunez. Aurten, “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak” lelopean atera ziren kalera, sistema zisheteropatriarkal kapitalista, kolonial eta arrazistaren aurka irmo agertzeko.

Faxismoaren kontra, aliantza feministak josteko aldarria ozen entzunarazi zuten atzo Uribe Kostako herrietan, mugimendu feministak antolatuta. Algortan, berbarako, 12:00etan ekin zioten manifestazioari; herria inauterietan murgilduta zegoen arren, ez zen aitzakiarik egon borroka feminista aldarrikatzeko eta, besteak beste, azkenaldian indartu diren eskuin muturreko jarrerak eta diskurtso erreakzionarioak salatu zituzten. 

Hainbat esparru eta sektoretan –sare sozialetatik hasi eta proposamen politikoetaraino– feminismoaren aurkako eta diskurtso arrazisten gorakada nabaria dela azpimarratu zuten. Horregaz batera, emakumeen*, trans pertsonen eta bolleren aurkako zapalkuntza eta indarkeria areagotzen ari dela ere nabarmendu zuten, "sistema bizirik mantentzen duten harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen baititu".

Era berean, munduan hedatzen ari den jarrera belizisten aurrean, indarkeriarik gabeko bizitzetarako eskubidea aldarrikatu zuten, "gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntza zuzenak areagotzen baitituzte. Gerra-soinuek indarkeriaren adierazpen anitzak areagotzea dakarte".

Beste urte batez, borrokaren bidez egindako lana eta lortutako garaipenak gogorarazi zituzten, baina bidea erraza ez dela izan deitoratu zuten: “Mugimendu Feministak urrats bat egiten duen bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu beren pribilegioak kolokan ikusten dituztenen partetik”. Ildo horretan, besteak beste, gizonak jarri zituzten jomugan: "Emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengua zarete. Norbere erosotasunetik atera eta dagokizuen erantzukizuna eta lekua hartzeko ordua da".

Hala, nabarmendu zuten "etengabe zapaltzen gaituen sistema baten kontra" atera direla aurten ere Algortako kaleetara, eta argi utzi zuten feminismoa ezkerreko borroken erdigunean kokatu behar dela, beti ere ikuspegi antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasistatik.

Martxoaren 8ko mobilizazioetan, Euskal Herriko plazetan ez ezik, mundu osoan indarrean dauden borrokak ere gogoan izan zituzten, hala nola Palestinakoa, Saharakoa eta Kurdistangoa. “Algortako kaleetatik besarkada bat bidaltzen diegu borrokan eta erresistentzian jarraitzen dutenei”, adierazi zuten parte-hartzaileek.

Azkenik, borroka feminista egunerokoan jarraitzeko deia egin zuten: lantokietan, ikastetxeetan, plazetan eta bizitzaren esparru guztietan. “Gero eta gehiago gara, eta antolatuta gaude, edozein erreakziori aurre egiteko prest! Gora borroka feminista!”.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun