Itaiak jarrera eta ideia erreakzionario guztien aurka egin du Itzubaltzeta/Romon

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 10a, 10:06

Uribe Kostako Itaiak manifestazioa egin zuen martxoaren 8an Itzubaltzeta/Romon, matxismoaren aurka borrokatzeko eta kaleak hartzeko asmoz. Horretarako, eskubide politikoen defentsan agertu dira, eta nabarmendu dute "urgentzia politikoa" dela jarrera eta ideia erreakzionario guztiei aurre egitea. Salatu dutenez, zapatuan egindako mobilizazioan pertsona bat identifikatu zuen Udaltzaingoak. Hemen ikusgai Itaiak partekatutako irudiak.

Itaiak azaldu duenez, Martxoaren 8ak historikoki izandako izaera iraultzailea berreskuratu gura dute: "Garaiko alderdi sozialistek, kapitalismoa suntsitzeko norabidean, emakumeen zapalkuntza gainditzeko ekarpena egiteko eta borroka hauspotzeko eguna kokatu zuten". Hala, salatu dute oldarraldi erreakzionarioak eragin handia izan duela mundu mailan ideia atzerakoien eta matxisten zabalpena eta normalizazioa hedatuz.

Halaber, feminismoaren baitako hainbat sektoreren jarduna kritikatu du: "Instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatu dira, politikarako joko-zelaia alderdi politiko profesionaletara eta instituzioetara mugatuz. Horrek kale mailako borrokak eta mobilizazioak lausotzea eragin du, kale mailako mugimendua instituzionalizatuz".

Egoera "oso larri" gisa definitu dute, eta, oraindino, okerragoa izan daitekeela ere ohartu dute: "Beharrezkoa ikusten dugu, ezker instituzionaletik harago, langileriarentzako erreferente iraultzailea eraikitzea. Hain zuzen, gizarte kapitalistan bizi dugun zapalkuntza eta esplotazio egoera amaituko duen gizarte antolaketa sozialistara bidean lan egingo duena".

Ildo horretan, faxismoari eta matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eraikitzeko, batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurkako kontzientzia zabaldu gura dute, eta, bestetik, jarrera edo eraso matxistei erantzun irmoak eman. Horretarako emakume langileak lehen lerroan jardun behar dutela nabarmendu dute: "Emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu hauetan aktibo politiko izanez".

Argazkiak: © ITAIA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun