Bide-segurtasunari dagokionez, albiste on bat da 2024an ez zela hildakorik izan udalerriko trafiko istripuetan. Hala ere, oinezkoen harrapaketa kopurua igo egin zen, bereziki 65 urtetik gorakoen artean. Hori dela eta, prebentzio kanpainak indartu ditu Udalak arriskua murrizteko.
Bizikleten istripu tasa apur bat igo zen: 2023an 33 istripu izatetik 2024an 46 izatera pasatuz. Bestalde, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuakaz izandako ezbeharrak 11tik 9ra jaitsi ziren. Datu baikorra da, halaber, Getxok ez duela bide-ezbeharren puntu beltzik, "eta horrek bide-segurtasunean aplikatutako neurrien eraginkortasuna berresten du", Udalaren arabera.
Iturriek azpimarratu dute Udaltzaingoak "gertutasun eredua" sendotu duela, oinezko patruilak nabarmen handituz: 2023an 982 izatetik 2024an 1.917 izatera igaro da. "Estrategia horrek ahalbidetzen du kaleetan presentzia handiagoa izatea, herritarren artean konfiantza handiagoa sortuz eta edozein gorabeheraren aurrean erantzun azkarragoa emanez".
Gainera, teknologia berriak ezarri dituzte segurtasuna hobetze aldera, hala nola gorabeherak kudeatzeko aplikazio mugikor bat, bideowall sistema berria, agenteentzako kamera pertsonalak eta ekitaldi handietarako bideozaintza. Udaltzaingoaren laguntza lana ere nabarmena izan dela nabarmendu dute iturriek: "2024an ustekabeko 505 eroriko artatu baitzituen, horietako asko adinekoak".
Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Keltse Eigurenek adierazi duenez, “Udalak bere bizilagunen segurtasunarekin eta bizi-kalitatearekin duen konpromisoa irmoa da. Prebentzioaren, hurbiltasunaren eta modernizazio teknologikoaren konbinazioak Udaltzaingoaren eraginkortasuna indartzen du, eta Getxo udalerri seguru gisa sendotzen du”.