Daborduko entitate gisa izena eman dute Euskaraldian Getxoko Udalak eta bere erakunde autonomoek

Erredakzioa 2025ko mar. 18a, 09:50

Getxoko Udalak eta erakunde autonomoek (Getxo Kulturak, Getxo Kirolakek eta udal egoitzak) Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialean izena eman dute entitate gisa parte hartzeko. Ekimenaren laugarren edizioa datorren maiatzaren 15etik 25era izango da, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean.

Joan den zapatuan, hilaren 15ean, ireki zuten Euskaraldiaren laugarren edizioan izena emateko epea, bai entitate gisa bai herritar moduan. Hala, besteak beste, Getxoko Udalak eta tokiko erakunde autonomoek izena eman dute daborduko. Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, "horrela, euskararen erabileraren aldeko urratsak ematen segitzen dugu, eta bai langileak eta ordezkari politikoak zein gure jarduera profesionalean harremana dugun pertsonak gonbidatzen ditugu euskara gehiago erabiltzera”.

Jarduera horregaz aipatutako erakundeek hartu dituzten konpromisoen artean daude Belarriprest eta Ahobizi rolen berri ematea eta kideak rol horiek hartzera gonbidatzea; euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eskura jartzea, hizkuntza-ariketan parte hartzen ari dela ikusgarri egitea, euskaraz lasai aritzeko guneak (Ariguneak) sortzea, eta komunikazioak euskaraz egitea, hizkuntzaren presentzia indartzeko ahal dituzten neurriak hartzeagaz batera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun